ETBko zuzendari bat ez da egunero Iruñera etortzen. Are gutxiago primizia bat ematera. Unai Iparragirre lehengo ortzegunean agertu zen Kondestablearen jauregian Primeran plataforma digitala sustatzeko bideoa lehen aldiz erakustera. Galderaz jantzia heldu zen jardunaldiaren izenburua: Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek? Erantzun aproposa zirudien Iparragirreren agerpenak. Kostata ari gara ohartzen. Euskararen etorkizuna ikus-entzunezkoen joko-zelaian erabakiko da hein handi batean. Aspaldi honetako inkesta guztien ondorioa da: alderdi horretan gure hizkuntzak duen ahuleziak ikusteko zuzena du gaur egungo ez atzera ez aurrerarekin, euskaldun osoak fabrikatzeko gero eta zailtasun handiagoarekin, aunitzen euskararen endekatzearekin edo bertze aunitzenaren ezin aberastearekin. Garrantzitsua da funtzionarioak euskaldunak izatea, baina administrazio guztia euskaldunduta ere deus gutxitarako izanen da XXI. mendean euskarak hutsaren hurrengoa izaten segitzen badu ikus-entzunezkoen unibertsoan. Kalkulua egin zenbat denbora joaten zaigun urtean administrazioarekiko harremanetan eta zenbat egunean pantailen aitzinean. Hala ere, ez dakit aferaz osoki jabetuak diren euskara bultzatzeko sortu diren administrazio adar guztiak, erakunde akademiko guztiak eta herri ekimeneko antolakunde guztiak. Kezka horri ETBk emanen dion erantzuna Primeran plataforma da, nonbait. Ongi etorri. Badu lana alor honetan euskararen gabezia nabarmenak eztitzen. Horretarako behar bezalako giharrez hornituko ote duten, ordea, kezka pitzarazi zuen Iparragirrek berak lehengo asteko ekitaldian. Haren hitzetan, ETBk ez du helduendako atzerriko film eta telesailak euskarara bikoizteko debekua zuzentzeko asmorik. Aretoan ez zen soziolinguistarik eta euskaltzainik falta. Baten batek esplikatuko ahal zion politika horrek noraino zikiratzen eta eskasten gaituen, noraino bilakatzen gaituen erderen mirabe.