Atzo maiatzaren 31n, eta Osasunaren Mundu Erakundeak babestuta, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna ospatu zen, munduan hain erroturik dagoen tabakismoaren prebentzioaz eta horren kontra ezarri behar den kontrolaz ohartarazteko, guztiok ondo baino hobeto ezagutzen baititugu zein ondorio larriak dakartzan tabakoa erretzeak.

Betiko datuek harritu egiten gaituzte. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera erretzearen ondorioz 8 milioi pertsona hiltzen dira urtero munduan, eta Espainian, arazo berberarengatik, 52.000 pertsona. Tabakoaren kontsumoak eragiten dituen gaixotasunak ugariak dira eta erretzeak sortzen dituen dependentziak eta obsesioak drama familiar asko eragiten dituzte.

Baina egia al da kontsumo gutxitu egin dela? Tabako-industria jabetu egin da zigarro hilgarri horiekin sortzen ari den kalteaz, eta produktu osasungarriago batzuk aurkezten saiatu da, eta horrexegatik zigarro elektronikoak edo lurrungailuak jarri dira modan. Gure organismoan sor dezaketen kaltea ez da oraindik ondo neurtu, baina argi dagoena da arnasketa-sistemak efektu txarrak jasan behar dituela.

Gutako askok ez dugu gaur egun kea pairatzen, eta arraroa egiten zaigu leku itxi batean erretzaileren bat ikustea. Kutsadura murriztu da espazio komunetan eta hori guztiontzat onuragarria izan da.

Dena den, kezka atzetik datozen belaunaldietan sortu da. Tabakoaren kontsumoa orokorrean gutxitu da, baina gazteen artean... Horietarako %20k tabako erretzeko gailuak, lurrungailuak, eta zigarro elektronikoak erabiltzen dituzte. Hortaz, erretzeak sor ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazteko, eskola-esparruan gazteei zuzendutako informazio kanpainak ezinbestekoak dira.

Gainera kontsumoa gutxituz gero on egingo diogu gure lurrari, tabako-industriek tabakoa landatzean izugarri kutsatzen baitute lurra. Eta zer esan zigarrokinei buruz? Toki orotan topa ditzakegu, mendietan zein hondartzetan. Elementu horiek ez dira biodegradagarriak, eta animalien elikadura-katean sartu ostean arriskugarriak dira biodibertsitatearentzat.

Tabakoa gero eta gutxiago, hobe.