Me no entender”. Ingelesezko azentuarekin esanda. Zenbat aldiz erabili den gaztelaniaz esaldi hori atzerriko norbaiten parodia egiteko. Nire adineko jendeak gogoratuko du guiri fake hura, Doña Croqueta. “Me no entender” esaten zuen, eta horrekin nahikoa zen hari egiten uzteko, gajoak ez baitzuen ulertzen. Ez ulertze hori, ordea, ez dute zure hizkuntza ondo ulertzen ez dutenek bakarrik erabiltzen. Batzuek, hitzik esan gabe, praktikara eramaten dute beren harremanetan, esaten duzuna esaten duzula ere, ez zaituelako ulertu nahi.

Agian munduko gaitz handienetako bat da, arazo eta gatazka gehien sortzen dituena, gizarteei aurrera egitea eragozten diena, negoziazioetan irtenbideak aurkitzea, gerrak geldiaraztea… eta, maila txikiagoan, familiaren eta lagunen arteko eztabaidak eragiten dituena. Ez zehazki ez ulertzeak, baizik eta, batez ere, ulertu nahi ez izateak. Jarrera horrek. Segundo batez bada ere, bestearen errealitatera hurbildu nahi ez izateak, eta, kontrara, distantziatik, zure talaiatik, zure iritzitik milimetro bat mugitu gabe, epaitu nahi izateak.

Garrantzitsua da zure iritziak defendatzen jakitea. Garrantzitsua da besteen iritziek eta beharrek zure jarrera buztina bezala moldatzen ez uztea, baina, era berean, zein inportantea den entzuteko eta ulertzen saiatzeko jarrera izatea. Zilegi da ados ez egotea eta adieraztea, baina ezinbestekoa da horren aurretik beste pertsonari bere iritzia azaltzeko aukera ematea. Eta entzutea.

Ezin da mundutik ibili iritzi aldaezinekin, honako leloarekin: hau pentsatzen dut eta gustatzen ez zaionari, aldendu dadila. Ezin da, baina, zoritxarrez, egunero ikusten dugu parlamentuetan, familia-bileretan, negoziazioetan, bikote-harremanetan, lagunen afarietan.

Denok ditugu gure arrazoiak. Eta ondo dago horiek defendatzea, baina bestearenak entzuteak ez digu arrazoirik kentzen, alderantziz, irizpide eta informazio gehiago izanda, gure iritzia arrazoi gehiagorekin defenditzeko legitimitatea ematen digu. Denak ez daude hau entzuteko prest, baina. Batzuek “Me no entender” jarrera mantentzen dute etengabe.