Entzierroa telebistaz ikusten larunbatean. ETBko esatariak, entzierroa ematera joan den tertuliakide bati, emakumezkoari, galdetu dio ea entzierroan parte hartzen duten emakumezkoen kopuruak gora egin duen (ez dakit zergatik, beti, emakumezkoei emakumezkoen partehartzeari buruz galdetu behar dioten). Eta tertuliakideak (gainera) baietz, gero eta gehiago ikusten direla. Nire aldamenekoak, “bai zera!” egin du arrapostu. Nik ere, egia esan, ez dut tertuliakidearen erantzuna baieztatuko duen argazkirik ikusten. Gainera, zer dela eta emakumezko gehiagok parte hartu behar du entzierroan?

Igandean, Gurutze Izagirrek Berria egunkarian Onintza Enbeita eta Nagua Albari egindako elkarrizketan, Kongresuan izan zuten esperientziaz irakurri dut: bizi izan zuten tentsioaz, sentitu zuten demostratu eta enkajatu beharraz, azalpenak eman behar izanaz… eta ahobizarrik gabe diote, oraindik ere, politikan egiteko modu oso maskulinoak defendatzen direla, karguetan emakumezkoak jarri arren. Edo eta diskurtso aldetik pixka bat librexeago aritu izanez gero, berehala sortzen direla mesfidantzak, eta etxera bueltatzera gonbidatzen zaituztela.

Betidanik defendatu izan dut lan egiteko modu diferenteak daudela, hitz egitekoak, antolatzekoak, negoziatzekoak, konfiantza irabaztekoak… eta gaur, berdintasunaren izenean, inoiz baino tentsio handiagoak bizi ditugula gizonezkoek eta emakumezkoek, talde lanean aritzetik oso urrun, generoen arteko norgehiagokan. Naguak azkentzen du esanez, tentsio horri erantzun beharra dela eta, emakumezkoak politikagintzan gutxiago irauten duela.

Bueltatu nadin, berriz ere, entzierroetara. Nik ez ditut emakumezkoak faltan botatzen. Ez baitut uste egon “behar” dutenik (nahi ez badute). Aske dira parte hartzeko. Eta baita parte ez hartzeko ere. Ez daukate/gu inori ezer demostratu edo azalpenik eman beharrik. Are gutxiago, guk asmatutakoak edo hauspotutakoak ez diren ekimenetan.

Existitzen dira egiteko eta egoteko beste modu batzuk ere. Gizonezkoek ezarritako neurgailuetatik at, kasu.