Nola neurtu mina? Ezin da neurtu kilotan, nahiz eta haren pisua izugarria izan; ezta metrotan ere, nahiz eta haren eragina luze iraun; ezin da unitateetan zenbatu, min bakar bat izanda ere, milaka zauri eragin ditzakelako gure barnean... Medikuak batetik hamarrera gure mina zenbatekoa den galdetzen digunean ere, zaila egiten zaigu erantzuten. Hamar esatea gehiegi da? Eta maite dugun norbait hiltzen denean… orduan bai zaila neurketetan hastea. Batzuetan hain da sakona mina, negar egitea ere ezinezkoa egiten zaigu eta, denbora igaro behar da lehen malkoa irteteko Oinazea zenbatezina da orduan, neurtezina.

Horregatik, samina baretzeko ukenduak ere elementu neurtezinak izan behar dute, halabeharrez. Maitasuna da bat, hildakoa maite zutenek erakusten dutena eta partekatzen denean indartzen dena. Nola neurtu besarkada batean kontzentratu daitekeen maitasuna? Hori ere ezin da neurtu, baina ez dago zauriak ixten lagunduko duen sendagai hoberik.

Oroimena da bestea. Hildakoarekin igarotakoa gogoratzea, bizitza eder zeneko oroitzapenak ekartzea, eta haren bizi-poza eta harekin egindako barre eta negarrak gogoratzean, irribarre egitea. Haren agurrean elkartzean, lagun eta inguruan izan dituen guztien laguntzarekin, bizitzan eraiki eta sortu duen guztia gogora ekartea eta haren dimentsioa sumatzea. Hildakoak kilogramotan zenbatu ezin den zerbait uzten digu, baina oroitzapen horrek berunaren pisuarekin lotzen gaitu lurrera, bizitzara, Dionisio Cañasek Ruperren ahotsean esaten duen bezala, lurrean etzanda egotearen balioaz ohartzen gara, “bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez”.

Zaila da mina baretzen bizitza itzulezina denean. Jonan Ordorika hil da, eta haren heriotzak eragindako mina baretzeko maitasuna eta oroitzapenekin batera, berak hainbeste maite zuen musika geratzen zaigu. Melodia bat ezin baita neurtu, baina bere magalean kuzkurtuta kulunka eginez kontsola gaitezke. Adiorik ez, Jonan. Besarkada neurtezina familiari.