Zenbat gauza utzi dituen agerian Espainiako futbol selekzioak Mundialean lortutako garaipenak. Ze argazki atera dion gure gizarteari eta gizarte honetan emakume eta gizonek betetzen ditugun lekuei. Ze argazki matxismoari.

Batzuentzat berritasun asko ekarri ditu Mundial honek. Bat, emakumeak ere maila handiko futbola jolasteko gai direla beharrezko bitartekoak jartzen direnean; eta beste bat, normaltasuna deitzen diogun horren azpian, jarrera onartezin asko ezkutatzen direla: jarrera matxistak, paternalistak, misoginoak askotan.

Luis Rubialesek “barkamena” eskatzeko bideoan hain zuzen hitz hori erabili zuen: normala. Bere jarrera zerbait “normala” izan zela esan zuen, asmo txarrik gabe egindako keinu bat, euforia momentu baten emaitza.

Eta haserre agertu zen atzo, dimitituko ez zuela esanez, hitzaldi biktimista, negargarri bat eginez. Eta lotsagarriena, asanbladako kide askoren txaloak. “Feminismo faltsu” baten kontrako txaloak, berdintasun faltsuena defenditzen dutenen partetik.

Ezin dut jasan emakumeen eskubideak defenditzeko edozein pausuren aurrean, gizon batzuek euren burua biktima bezala agertzeko duten joera, gizon izateagatik inkisizioa atzetik segika balute bezala. Jarrera honen atzean, euren pribilegioak mantentzeko ahalegin bat bakarrik ez, ezjakintasun handi bat dago, errealitatea modu argi batean ikusteko ezintasuna. Rubiales bezalako hainbat gizon oraindik ez dira enteratu ezertaz. Ez dira enteratu matxistak direnik ere.

Badaude, eskerrak, beste hainbat gizon lotsatu egiten direnak Rubialesen jarreraren aurrean. Oraindik eskerrak eman beharko dizkiogu Rubialesi hain modu naturalean agertu izanagatik mundu guztiaren aurrean, hainbat gizoni sentiarazteagatik ez dutela inolaz ere horrelakoak izan nahi. Matxismoaren ispilu ezin gardenagoa bihurtu da. Baina, berari baino gehiago, bere jarrera normaltasunetik kanpo ikusten erakutsi digun feminismoari eman behar dizkiogu eskerrak. Begirada kritiko eta argiago bat izaten irakatsi digun benetako feminismoari.