Hilabete hasmenta hura epela baino epelagoa izan zen, 20 gradutik hurbil egunero aurreneko bi astetan. Eta idor-idorra ere bai. Zazpi litro bertzerik ez. Aitzineko hilabetea ere lehorra. Horrenbertzez, ez zen aro onik izan garia ereiteko, Iruñerriko nekazariek gogoan duten bezala. Artean ere, Arrotxapea berria, Buztintxuri, Mendillorri eta Mendebaldea eraiki gabe zeuden, Imenasa lantegia eraitsi gabe egungo Yamaguchi plazan, eta Imenasako zakur ospetsu hura zaunka, bere etxolan kateatua beti. Ez zen hainbertze urbanizaziorik Iruñerrian. Gorraizkoa, konparaziora, asmo hutsa zen. Iruñeko Udala zorrak eramana zegoen, Chourraut alkateak udal dantzari taldea desegin zuen urte hartan. Taldeak, ordea, aitzina jo eta 75. urte beteko ditu heldu den urtean.

Gobernuan, berriz, ezkaroztar hura zen lehendakaria eta, haren ondoan, Aladino Colín presidentziako kontseilaria, mende erditik beherako jendeak gogoan izanen ez duen politikaria, Euskalerria Irratiak lizentzia izanen zuela agindu zuen gizona.

Ez zuen zehaztu noiz, ordea. Bada, lizentziarenak luze joko zuela susmaturik, irratia irratsaioak aireratzen hasi zen 88ko azaro epel eta idor hartan, azaroaren 7an, zehazki. Xalbadorren heriotzaren 12. urteurrenean. Hainbat lagun Irrintzi dorreko estudio apainean, Mikel Bujanda gidari eta Patxi Huarte (Zaldi Eroa) soinu-teknikari. Eta hiru gonbidatu: Jose Maria Satrustegi euskaltzaina, eta Mikel Taberna nahiz Pello Lizarralde idazleak. Egia erran, inoiz hiriburuko euskal irratiaren ibilbidea liburura ekartzen bada, Nafarroako politikagintzaren azken 35 urteko historia ere ekarri beharko da gogora, irratiak 2016ra arte pairatutako historia beltza. Hala ere, politikari andanak ezarritako traben gainetik, lehen irratsaioari milaka jarraiki zaizkio ibilbide zinez emankorrean; eta aurrera begira, asmo berriz beterik.