Euskalerria Irratiaren historia bidegabekerien gainetik indartzen eta hazten jarraitu duen komunikabide baten historia da. Euskal komunitatearentzat eta euskal komunitatetik sortutako hedabidearena. Azaroaren 7an 35 urte beteko ditu eta badauka zer ospatu. Ez bakarrik orain arteko ibilbidea, hein handi batean 27 urtez lizentziarik gabe emititu behar izateak markatu duena; baita etorkizunera begira egitekoa daukana ere. Azken urteotan iraultza digitalak irratia egiteko modua erabat aldatu badu ere, oinarriak berdina izaten jarraitzen du: euskal hiztun komunitateari ahal bezain zerbitzu hoberena eskaintzea. Hartara, asteartean, arratsaldeko 19:00etan, Iruñeko Zentral aretoa irratiaren komunitate hori osatzen duten eragile, babesle, entzule eta lan talde zabal eta ani-tzaren topaleku bilakatuko da, komunikabidea posible egin duen guzti horien elkargune.

Euskararen mugimendutik sortutako proiektua

1988ko azaroaren 7an uhin berri bat iritzi zen Iruñerriko FM-ra: Mikel Bujandaren kazetariaren ahotsak hasiera eman zion nafar hiriburuko lehenengo irrati euskaldunari, Euskalerria Irratiari. “Data garrantzitsu bat bertsozaleak garenontzako, Xalbador azaroaren 7 batean hil baitzen. Ongi gogora-tzen dut lehen saio hartan aipatu genuelako”. Ez zegoen bakarrik. Inguruan, 80ko hamarkada horretan hain erranguratsua izandako euskararen berrindartzearen borrokan mugimenduetan murgilduta zebiltzan hainbat eta hainbat pertsona zituen. Euskararen aldarrikapen eta militantzia urteak ziren Nafarroa Garaian: ikastolen mugimendua bere lekua hartzen ari zen eta lehenengo Nafarroa Oinezak antolatzen hasi ziren, helduen euskalduntzean jarduten zuten eskolek gero eta jende gehiago biltzen zituzten, euskararen aldeko jaiak ospatzen ziren han eta hemen.

Bujanda, Diez de Ulzurrun, Ilintxeta, Kirio Gastearena eta Lasa.

Dena zuen beharrezkoa euskarak Iruñerrian, frankismo garaian jasan zuen beherakada larriari aurre egiteko. Horretarako kontzientzia eta indarra bazegoen herritarren artean, erakundeetan ez bezala: Euskaren Legea, Nafarroa egundaino hiru eremutan banatu zuena, 1986an onartu zen. Mugimendu harena ez zen optimismo hutsala, egoera aski larriaren aurrean eta inolako arrakasta bermerik gabe ere zeozer egin beharra zegoelaren konbentzimendua baizik. Izpiritu horrekin berarekin bildu zituen Eugenio Arraiza kultur iker-tzaile eta eragileak Euskalerria Irratia martxan jarriko zuen lagun taldea, zuzendari ohiak gogoratzen duen bezala, “tartean euskaltzale mugimenduan, ikastolen mugimenduan, euskaltegietan eta bestelakoetan aritu izan zen jende historikoa”. Bilera horretan zeuden, Bujanda beraz gain, Javier Cunchillos, Miguel Javier Urmeneta, Patxi Zabaleta eta Jesús Bueno, besteak beste.

Baita Rafa Zazpe, bankuko langile izateaz gain irrati libreen “pirata” ere bazena. “1980eko hamarkada hartan emisora libre txiki bat nuen, Radio Cocodrilo izenekoa”, gogora-tzen du. “Gauzak okertzen zirenean, Eguzki Irratia ixten zutenean adibidez, nik nire emisio musikala moztu eta Radio Euskadi errebotatzen nuen 104.4-ean, Iruñeko Alde Zahar guztiarentzat. Jendea Radio Euskadi entzuten zela jakiten hasi zen eta, halako batean, bilera batera deitu ninduten, garai hartan oso garran-tzitsua zen euskararen munduko jendearekin”. Zazpek, egiten zuena kontatu zien gainontzekoei, eta laster hasi zen irratiaren ideia egosten.

1999an irratia babesteko Iruñean antolatu zen manifestaldia.

Proiektuaren nolakotasuna marraztea izan zen lehenengo urratsa, Bujandak argitu bezala. “Hemen, Iruñerrian, euskaraz ariko zen medio bat behar zuen izan, hemengo jendeari hitza emateko eta, aldi berean, euskaraz eginaraziko zuena. Bor-borrean, bizi xamar zebilen euskal mudimendu horri bultzada eta irteera emango zion irrati bat”. Hala, lehenengo erabakia euskara hutseko hedabidea izango zela izan zen, “erdarazko eskaintza jada ugaria zelako”. Bigarrena, profesionaltasuna. “Hori ere argi genuen, ez genuen beste irrati pirata bat egin nahi. Irrati konben-tzional bat nahi genuen, profesionala, irrati zerbitzu-emaile bat”. Ziurtasunak bazituzten, baita zalantzak ere: “Zalantzak, Iruñerriak ematen ote zuen nahikoa euskaldun irratia edukiz eta hiztunez hornitzeko”.

Zalantzak zalantza, proiektua abiaraztea zen afera eta horretarako ezinbestekoa zen alde teknikoa garatzea ere. Hasieran, errepikagailua Zazperen etxean bertan jarri zen, baina laster lekuz aldatu beharra zegoela ikusi zen. Itzulinguru batzuren ondoren, San Fermin Ikastolaren eraikinean instalatu zen. Antenari dagokionez, ezinbestekoa zen eraikin ahal bezain altu batean instalatzea, seinalea ahal bezain garbiagoa izan zedin. Oraindik ere irratiaren egoitza den Irrin-tzi Dorrea izan zen aukeratutakoa. “Eraikinaren garaiera faktore garrantzitsua zen, gure seinalea emititzeko eta, batez ere, Euskadi Irratiaren seinalea jasotzeko. Seinalea nahiko kalitate onarekin jasotzen zuten antenak jarri genituen, mikrouhinen bitartez ikastolako errepikagailura bidaltzen genuen eta han Iruñea har-tzen zuen FM bandan bilakatzen zen”.

Goizean emititzen zen ordubeteko saioarekin hasi ziren Bujanda eta Kike Diez de Ulzurrun, eta gradualki programazioa zabaltzen joan ziren. “Orduan argitzen hasi zen gure errealitatea, zenbateraino egin genezaken irrati lokala, hemen egina eta hemengo jendearentzako. Bestalde, horrek ekarri zigun beste deskubrimendu bat: konexio-deskonexio jokoa. Egin genezakeen tokiko irratia toki honek dituen ezaugarri, ahal eta gaitasunen neurrian, baina erabateko zerbitzu komunikatiboa eskaini behar genuen”.

Irratia, artean ordenagailurik erabiltzen ez zenean.

Proiektuaren hezur-mamitzea

Irratiaren lehenengo urteak proiektu komunikatiboaren hezur-mamitze urteak izan ziren. Aski ongi gogora-tzen du hori Reyes Ilintxeta kazetariak. Gaur egun irratiko ahots ezagunenetako bat dena kazetaritza ikasketak bukatu bezain laster hasi zen irratian lanean, 1992an, bertan praktikak egin ondoren eta euskara ikasten ari zen bitartean, berarentzat “erabateko murgiltze esperientzia bat” izan zena. Goizeko albistegia eta ordubeteko magazina egiten hasi ziren Bujanda, Diez de Ulzurrun eta Ilintxeta. “Garai haietan kanpoko saioak ere egiten genituen, gure trasto guztiekin joaten ginen eta grabazioak egiten genituen. Bertso saioetara, bertsolariak elkarrizketatzera, Nafarroa Oinezetara, euskararen inguruan egiten zen edozein gauzetara, bazkarietara eta afarietara, Xorroxin irratiko edo Aralar irratiko ekitaldietara… Berdin zuen aste eguna edo festa eguna izan, ez ginen gelditzen. Grabagailu prekario bat eramaten genuen, kasetearekin. Gauza piloa egiten genuen eta oso oso ongi pasatzen genuen”.

Donostiako herri irratiak praktikak egin ondoren, urte horretan batu zen Amaia Lasa soinu teknikaria proiektura, irratia egitea “ia artisau lana” zenean. Musika jartzeko biniloak pintxatzen ziren eta iragarki tarteak, kuñak deritzonak, bobinetan grabatzen eta jartzen ziren. “Lan fisikoa zen oso, orain eserita egiten dugu lan guztia, baina lehen zutik egiten genuen lan, alde batetik bestera ibiltzen ginen”. Lasak azpimarratu bezala, garai hartan hasi zen Euskalerria Irratiko komunitatea ehuntzen ere: “Jende piloak deitzen zuen telefonoz egien genituen lehiaketetara, adibidez, eta zuzenean aritzen ziren Reyes eta Kike entzuleekin solasean. Hori oso polita zen, zentzua eta nortasuna ematen zion gure lanari”.

Urteekin, gaur egun ere irratiaren onarri eta eredu den kolaboratzaileen sarea ere josten hasi ziren Euskalerria Irratian. Juan Kruz Lakasta, 2010etik irratiaren koordinatzaile lanetan dabilena eta Bujandak erretiroa hartu zuenetik proiektuko zuzendari ere badena, 1998an sartu zen irratira. Ordurako, jatorrizko taldeaz gain, Pello Argiñarena, Ibon Gaztanbide, Eli Eraso eta Txari Eleta kazetariak zebiltzan irratiko lan-taldean. “Pellok tentatu ninduen hasteko”, gogoratzen du. “Irrati komertzial bat ginen orduan. Eragile sozial eta kulturalekin lotura handia geneukan, baina Pello eta biok bagentozen irrati librearen mundu horretatik, eta gerora gure irratiarentzat bereizgarria eta altxorra izan den izaera komunitario hori lantzen hasi ginen, kolaboratzaileen sistema, nolabait esateko”. Urtez urte zabaltzen eta eraldatzen doan sare horrek 200 pertsona baino gehiago biltzen ditu gaur egun, musutruk hedabidean maiztasun zehatz batekin parte har-tzen dutenak. “Ilusio handiz hasi ginen, oso bitarteko gutxirekin eta soldata negargarriekin. Baliabide ekonomiko gutxi genituen baina jendea oso alde zegoen, erresilientzia moduko bat ere eman zion horrek irratiari”.

2015ean eskuratu zuen irratiak, azkenik, lizentzia.

Lizentzia lortzea, 27 urteko amesgaiztoa

Erresilentzia bakarrik ez, eta erresistentzia gaitasun izugarriarekin egin behar izan zuen aurrera proiektuak hurrengo urteetan, 27 urtez amesgaizto bilakatu zen lizen-tziaren ukapena tartean. 1990ean, Gabriel Urralburu (PSN) Nafarroako Gobernuaren agintean zegoenean, hasi berria zen Euskalerria Irratia irrati lizentzien lehenengo banaketara aurkeztu zen. Estatuak komunitate bakoitzerako egin zuen lizentzia kopuruen aurreikuspen eskasa medio, bi lizentzia soilik banatu ziren urte hartan, eta alderdi eskuindarreko hedabide bati eta sozialistekin lerratzen zen beste bati eman zitzaizkion, Bujandak gogoratzen duen bezala. Hurrengo urteak, lizentziarena etengabeko elegite, banaketa berri, ukapen eta bidegabekeria urteak izan ziren, irratiarentzat “odoluste ekonomiko ikaragarria” izan zena, Ilintxetaren aburuz. “Oso garbi ikusten zen ez zegoela motiborik guri lizentzia ez emateko, motibo bakarra politikoa zen”.

Bitartean, irratiak epaiketen kosteak eta Industria Ministraritzak lizentziarik gabe emititzeagatik pilatutako isunak ordaindu behar izan zituen, dagoeneko prekarioa zen egoera ekonomikoa are gehiago estutuz, baita energia xahuketa ikaragarria eraginez ere. “Gure indar eta kemen apalak irratiaren egiazko funtzioetarako bideratu ordez horretara bideratu behar izan genituen”, oroitzen da Bujanda, “eta horrek denbora eta energia galera ikaragarria ekarri zigun”.

Lakastak azpimarratu bezala, lizentziarik gabe, “linbo batean” zeuden, “irratia ez zen exititzen”. Zuzenean eta zeharka eragin kaltegarriak zituen egoera, izan ere, lizentziarik gabe proiektua ezin zen diru-laguntza publikoetara aurkeztu, eta irrati komertzialetan oinarrizko diru-sarrera den publizitatea lortzeko ere zailtasunak zekarren. “Iragarle askori gure egoera irregularrak ez zion segurtasunik ematen, eta iragarkiak lotzea izugarri zailtzen zigun”.

Berriz ere, Euskalerria Irratiko komunitatea ezinbestekoa izan zen proiektuak aurrera jarraitu ahal izateko, zentzu zabalean.“Irratiko bazkideak hor egon dira, hilabetero kuota ordaintzen, 1000 familia baino gehiago”. Ilintxetak dioenez, bazkideetako batzuk are diru ekarpen gehiago egin zituzten egoerak hala eskatu zuenean. “Eugenio Arraiza ere hasieratik izan dugu hor, bai bera bai berak utzitako Fundazioa ere. Zenbat abokatu aritu diren 27 urte hauetan egon diren pleituak aurrera eramaten, oso gutxi kobratuta edo kobratu gabe, pentsaezina da”. Irratiaren urte zailenetan, herritarren irratiarekiko babesa kalean ere erakutsi zuten hainbatetan, tartean 1999an Iruñean egin zen manifestaldi jendetsua, 30.000 pertsona baino gehiago bildu zituena; edota urte horretan bertan ospatu zen Korrika ere, Euskalerria Irratia omendu zuena beste eragileen artean.

2015ean eta hamaika elegite eta lizentzia banaketa berri tartean, Auzitegi Gorenaren ebazpena alde edukita, Euskalerria Irratiak azkenik lortu zuen lizentzia eskuratzea, egungo irratiko zuzendariak gogoratzen duen bezala: “Garaipena hirutan Gorenean erdietsi zen, eta horren ondorioz berregin behar izan zen lizentzien esleipeneko kontratazio mahaia, enegarrenez. Lizentzia eman zigun mahaia, esan beharra dago, Yolanda Barcinak aukeratutako kideekin osatu zen. Berriro proiektua puntuatu behar izan zuten eta berez bazegokiguna, oso argi zegoena, berretsi zen”. Nafarroako Gobernuan aldaketa etorri zen urtearekin bat egin zuen une horrek. Hala, gobernu berriak euskarazko hedabideentzako diru-lagun-tzak berrezarri zituen, Euskalerria Irratiarentzat ere lagungarria suertatu zena. Urteak itolarrian ibili ondoren, 2008ko krisi ekonomikoak eragi zuen estutasuna oraindik guztiz baretu gabe, burua urpetik atera eta arnasa hartzen hasteko abagunea izan zen.

Jauzi digitala, hazten jarraitzeko

2015etik aurrera, lizentzia eskuan, irratiak jauzi kualitatibo bat emateko aukera izan zuen, batez ere alor teknikoari dagokionez. Lehenengo erabakia, Ezkaba mendian “behar bezalako emisore bat” jartzea izan zen, “emisioa txukuntzeko”. “Publizitatetik ere diru gehiago jasotzen hasi ahal izan ginen eta aukera izan genuen, behingoz, baliabide teknikoak duintzeko eta profesionalizatzeko”, azpimarratu du irratiaren egungo zuzendariak. “Azkeneko urteotan sekulako pausoak egin ditugu alde horretatik, mahai-soinu digitaletik hasita, oso oinarrizkoa dirudiena; Dante sistemara, soinu iturri guztiak digitaliza-tzeko. Jauzi digitala eman genuen iaz gure estudioetan kamera digital adimentsuak sartuz, eta MoJo - Mobile Jornalism-ean (mugikorrekin egindako kazetaritza) lehendabiziko urratsak eman ditugu”.

Lasak gehitu bezala soilik irratia izatetik “proiektu multimedia” izatera igaro da Euskalerria Irratia azken urteotan. “Garaiekin batera joatea egokitu zaigu, noski, eta lortu duguna ez da makala. Irrati txiki bat izatetik horrelako mundua sortzera sekulako saltoa izan da”. Webgunearen berritzea eta edukien digitalizazioarekin batera, irratia podcasten alorrean ere sartu da azken garaian, dagoeneko abian dauden eta harrera ezin hobea izan duten saioekin: Flop Kultura, Irratiak ordaintzen digu trena, Konpainia karrikako amesgaiztoa, Zertarako hau ikasi? eta Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko.

Egungo lan talde osoak argi dauka, hala ere, oinarriak berdina izaten jarraitzen duela: euskal hiztunen komunitatearentzako hedabidea izatea, komunitate hori erdigunean jar-tzen duena eta harentzako topaleku ere badena, ez bakarrik fisikoki: “Iruñerriko euskaldunontzat oro har izan da ispilu bat, non jabetu zeinen komunitate sortzaile, ahaldundu, ahaltsu eta zabala osatzen dugun”. Proiektu bezala, eredua argi dauka Lakastak: hirian egiten den tokiko komunikabidea izatea, informazio hiper-lokala eredu duena eta kolaboratzaileen saretik abiatuz Iruñerriko euskaldun oro ordezkaturik sentiaraztea helburu duena, ildo politiko zehatzekin lerratu gabe. Moldeak aldatu arren, Ilintxetak duela 35 urte eta orain “gauza bera” egiten ari direla sentitzen du. “Irratia komunitate honi zerbitzu bat emateko sortu zen, eta zerbitzu hori da eskaintzen duguna. Onarpen bera daukagu gaur egun eta horrek ematen digu indarra jarraitzeko, hau ez delako komunikabide arrunt bat”.

Trabak traba, hazteari utzi ez dion eta hazten jarraitzeko asmo irmoarekin jarraitzen duen hedabidea da Euskalerria Irratia, Lakastak aurreratu duenez: “Oraindik ezin dugu zehaztu baina denboraldi honetan, 35 denboraldian, Euskalerria Irratiak oso salto garrantzisua emanen du, irratia bera beste leku batean kokatuko duena. Web telebista edukiko dugu eta aukerak gauza berriak egiteko. Atari digitalean ere aurrerapauso bat eman nahiko genuke”.

Bere 35. urteurrenean, hartara, badauka zer ospatu Euskalerria Irratiak. Sasi eta traba guztien gainetik honaino iritsi bakarrik ez eta ausardiarekin hazten jarraitzeko gaitasuna izan duela, baita Ilintxetak azpimarratu bezala, irratia “inoiz baino hobeki” dagoela. “Irratia izaten jarrai-tzen dugu”, borobidu du Lakastak, “baina baita proiektu komunikatibo bat ere. Iruñerriko euskaldun komunitateari behar duen hori eman nahi diogu, komunitatetik, komunitatearentzat”.