Eguberri aitzineko giroak herenegun jo zuen goia, irakaskuntzak ortziralean oporrak hartzearekin batera. Hiriaren erdigunea, leher; auto pilaketak, nonahi; aparkalekuak, gainezka; peña, elkarte, taberna eta jatetxeak, mukuru; dantzalekuak, lepo, eta, Alde Zaharreko zenbait karrika, halakoetan ohi denez, era eta suerte guztietako pankartez josiak, zenbait gazte saiatuk goiz erditik aitzina harat-honat paratuak, Jarauta eta Nabarreria aldean batik bat, dela leiho batzuetako burdinsareetan, dela balkoitik balkoira gurutzatuak, gazteria sozialismoaren onurez kontzientziatu nahian, azken urteotako joerari jarraikiz. Hormetan itsatsitako kartel mota ugariei ere antzeko mezua darie. Duela 45 urte bezala, iduri luke iraultza piztera doala, karrikek bor-bor eginen dutela; egiazki, ordea, duela urte batzuetatik honat sortutako talde ugarien arteko lehia handia da, guztiak norgehiagoka bizian, karrikan nagusitasuna erakutsi nahian, euskal gazteak erakartzeko ahaleginean, pankarta bakoitzak bere sigla baitarama. Zaharrak berri. Bermutaren tenorean hasten dira iristen ikastetxeetako ikasle oldeak, neska guztiak eite berriko baserritar jantzia apain jantzirik; mutil gehienak, berriz, molde zaharrekoa, baina zabarrago, guztiak ere “euskal jaia” izena hartuagatik ere nagusiki edo erabat gaztelania batuan mintzo den besta alimaleak erakarririk. Bizkitartean, ez hain gazteek, helduek eta adinez aitzinera doazenek, hau da, irakasleek eta ezin konta ahala enpresa-otordutan bildutako lagunek, bertze kale, giro, ostatu eta taberna batzuetan zorroratzen dituzte gin-tonikak. Hori bai, han eta hemen, Nabarrerian, Estafetan nahiz San Nikolasen edo Labriten, biharamuneko lehen argi txintekin batera etxeratzen dira azken gautxoriak, gau basaren arrastoak eta Jarauta aldeko pankarta gehienak lurrean dautzan bitartean.