Gaztetxotan, gauez kalera ateratzen hasi ginen garaian, gure adineko neska bat bortxatu zutela zabaldu zen herrian. Ez zela albistea gehiegi hedatu behar. Ez baitzen gozoa. Eta lotsagarria zelako neska gaztearentzat eta familiarentzat. Gainera, neska gaztea “gaixoa” zen (garai hartan, ezjakintasuna tarteko, halaxe deitzen genituen ezgaitasuna zuten pertsonak). Amek alabei jakinarazi beharreko albistea zen hura. Alabek jakin zezaten, zeintzuk ziren emakumezkoek bizi zitzaketen arriskuak, eta jakin zezaten, baita ere, nola saihestu behar zituzten tankerako egoerak. Amek guztia balekite lez. Amen transmisio ahalmena bailitzan, arazoaren konponbide.

Hartakoan, isilik pasatu zen gertaera lazgarria. Guztion konplizitate pasiboarekin.

Handik urte batzuetara, herriko seme bat atxilotu zuten. Ezaguna eta gertukoa genuen mutila. Emakumeak bata bestearen atzetik “seriean” bortxatzen omen zituen eta eskualdean operatzen zuela, jaietan ibiltzen ginen inguruko herrietan. Gurekin ere egona zen. Kartzela-zigorra ezarri ziotenean, mutil hura “gaixoa” zela azaldu ziguten. Umetan izandako trauma baten ondorioz bortxatzen zuela, bere ezintasunak jasan ezin zituelako. Azalpenok ematearen arrazoia, gure ezinegona baretzetik urrun, gertatutakoa ulertzeko eskari lez bizi izan genuen.

Urteak aurretik bortxatutako neska gaixoa etorri zitzaigun guri burura. Gaixoa izateagatik bere burua ezin izan zuela defendatu pentsatu genuelako. Erruaren pisua neskaren ezgaitasunean jarri genuelako. Galdera berria zen, bada, zein zen gaixoa. Eta nor zaindu beharrekoa.

Ordutik hona, euri asko egin du. Gertakizunak isilean gordetzetik salatzera jauzi egin dugu. Emakumeen arazotzat jotzetik gizarte osoarena dela ulertzera. Baina egunero jasotzen ditugu hildako, bortxatutako edo abusuak jasandako emakumezkoen izenei lotutako albisteak. XXI. mendeko terrorea emakumeen gainean inposatzen den indarkeria da. Gizarte gaixo baten seinale. Zeinetan gaixoak ez diren biktimak, biktimarioak baizik. Zeinetan motzetik eta gertutik zaindu beharrekoak ez diren biktimak, biktimarioak baizik.