AFGANISTAN, Kamerun. Etiopia, Indonesia, Siria, Palestina, Somalia, Yemen, Kanboya, Nepal, Txina, Afrikako, Asia edota Ekialde eta Amerikatako hainbat herrialde, Filipinak Ukraina, Bielorrusia, Errusia e.a, nazio zerrenda benetan guztiz luzeak, beteko liguke ziur zutabetxo hau toperaino hasieratik amairaino.

Eta okerrago, tamalgarri eta tristeago egia esan, kontrako edota alderantzizko ezaugarrietako estatu eta lurraldeen zerrenda osatzekotan, nago, motzegia litzatekeela zutabearen ezta laurdena xumea betetzeko orduan. Balantza batetako bi platiloetatik bat guztiz pisuagoa litzateke. Nabarmen. Onartu behar teknologi gai guztietan, mota guztietako tresnetan, (tresnekeritan?) gizakiak aurrera egin duela, dugula, eta zentzu horretan azken bi mila urtetan (data bat jartzearren) aurrerapen horiek itzalezkoak direla. Izugarrizkoak (zentzu denetan).

Eta izango direla. Jarraituko dutela horretan. Aspaldi, oso aspaldi, norbaitek asmatu zuen “homo hominis lupus” esamoldea, eta zoritxarrez asmatu egin zuen. Pobrezia, zekenkeria, intolerantzia, dogmatismoa, gorrotoa, fanatismoa, itsukeria, norberekeria, desberdintasun sozial lotsagarriak, arrazismoak, sektarismoak; laburki: giza eskubideen urraketak lirateke gaurko munduaren zati oso handiaren egoeren ezaugarri kronifikatuak. Aurrera egin dugu gai batzuetan(?) baina otsoek ez dira beste otsoekiko gizakiok beste gizakiekiko diren, garen, hain otso makur. Eta ez da gaurko kontua, ez, ez dakit nongo zuhaitz edo arboletatik tximinoa lurrera jaitsi une horretatik bertatik, bi hanketan zutiturik, beste bi esku-besoak erabili zituen lehen tresna erasokorra, arma, kideen aurka jotzeko.

Patua? Baina, irakurle estimatua, ongi badakigu baita ere gizakiok badugula ere gure alde ona, solidaritate ahalmena, bihotz zintzoa eta itxaropenik ez galtzeko gaitasun iguripentsua. Heldu aktiboki beraz itxaropen apurtezin honi bederen. Ez etsi. Ez geldi. Saiatu. Urrats gutxika. Hobetu triskantzak. Banan bana. Arren.