Artearen bertze alor batzuetan bezala, etika eta estetika bateratsu joaten direlakoa gezurtatzen duten adibideez josirik ageri da literaturaren historia ere. Idazlearen ofizioak edertasunarekin du konpromisoa –zein ere den edertasuna–, ez ontasunarekin, zintzotasunarekin edo zuzentasunarekin. Idazlea izaten ahal zara, hitzen maitale, esan bakoaren bilatzaile, sentiberatasun apartekoaren agertzaile, eta aldi berean gizatasunean herren egin, are, doilorkume hutsa izan. Gizakiok zenbat ertz izan dezakegun, zenbat argi, zenbat ilunpe. Haren libururen batez aparte, ez nuen kasik Patxi Ezkiaga ezagutu, eta ez dut inguruan nori galdegin. Pertsona onaren itxura zuen, baina ez dakit dagoeneko horrek deus erran nahi duen. Emakume batek haren sexu-jazarpen tematia salatu berri du, neskatiko gazte bat baizik ez zenean Ezkiaga irakaslearen –eta familiaren lagunaren– aldetik jasandakoa. Ez omen da bakarra. Salaketa gehiago izan litezkeela, dozenatik gora, irakurri dugu egun hauetan prentsan.

Haren ikasle izanak ez dira, nonbait, harritu: itxuraz, ikastetxean ezagunak eta denen bistakoak ziren orduan “ez oso egokiak” eta gaur egun bertzerik gabe onartezinak izanen liratekeen jarrerak. Baina Ezkiaga bazen norbait. Fraide legorretarra hil eta sei urtera atera da kontu hau argitara. Ez da, beraz, maite edo miretsi izan zutenen lotsaren lekuko izanen. Ez du ikusiko bere herriko liburutegiaren izena aldatzen eta haren omenez eraikitako eskultura eraisten. Auskalo zer gertatuko den hark idatzitako liburuekin. Beharbada erretiratu eginen dira zenbait apalategitatik, eta behin betiko ezkutatuko. Agian ez da faltako haren poesia begi berriz irakurriko duenik ere. Oroitu berri naiz haren azkenetako olerki batek Blues inozentzia galduari zuela izenburu. Auskalo norenaz ari zen Ezkiaga, bereaz, gureaz edo bere biktimaren batenaz.