Orain dela urte asko kale huts batetik, ni bizi nintzen kaletik hain zuzen, etxeratzen ari nintzelarik ordu txikitan nire gauzetan pentsatzen eta despistaturik ohi bezala, nabaritu nuen, nabaritu edo (ez mozkortuta, baina alkoholemia tasa altuarekin, uste dut), aurretik beste pertsona bat zihoala. Gure arteko distantzia hamar metro baino gutxiagokoa zenean, pertsona horrek, emakume gazte batek, bira eman zuen, eta bere aurpegi izutuak paralizatu ninduen. Geldirik, berehala ulertu nuen ni neu nintzela beldurra sortarazi ziona, baina ez nintzen harritu, azken finean, pentsatu nuen, nire aurretik zihoan emakumeak zera ikusi du: ia bi metroko gizon kaskamotz bat botatzarrak oinetan. Emakumea desagertu arte, azkarrago zihoan, itxaron nuen hormaren kontra erretzen, eta nire etxeko atarian sartu, hogeita bost metrora edo.

Hurrengo egunetan lankide, lagun eta sindikatu-kide emakumezkoei kontatu nien gertatutakoa eta aholkua eskatu (eskerrak lagun feministak nituela, eta ditudala). Barre egin zidaten: “Zu gay zara kar-kar”. Nik barrezka: “Gay, baina jatorra, eta pertsona ona gehienetan”. Serioago jarrita aholkuak eman zizkidaten: gelditu hor emakumea urrundu arte, pareko espaloira aldatu, beste kale bat hartu... Geroztik behin baino gehiagotan nabaritu nuen nire presentzia hutsak, nire gorputzak, beldurra sortu ahal zuela emakume batzuengan hainbat leku bakartietan. Lagunen aholku haiek ondo gordeta ditut, eta zerbait irakurri dut kontuaz.

Uste dut gizon gehienok horrelakoak bizi izan ditugula askotan, eta gizon askok ez dutela ezer ikasi, eta ez dutela ezer ikasi nahi; orain gizontxoak eta gizonkoteak, gazte zein zahar, minduta sentitzen dira, irainduta, emakume batek gogorarazten dienean bortxatzaileak izan daitezkeela; ni ez, ni ez, ni ez errepikatzen dute batzuek aztoratua, edo not-all-men leloa ateratzen dute beste batzuek harroputz, nartzisismoa kasu batean eta taldekeria bestean erabiltzen dutela argudio moduan. Badirudi une batez gelditu, eta feminismoak azaltzen duenari buruz apur bat hausnartzea ahalegin handiegia dela. Ez da hain zaila, benetan.