Auzibidean hamaika gorabehera izan ondoren, azkenean asmoa asmo bihurtuko da. Leku ospela eta hezea da zinez, hiriaren iparraldean, harresi handiaren gerizpean, oihan ttipi baten erdian, bazterrak izugarri oihandu baitira aspalditik honat. Alde horretako harresi-malda eta harresipe guztia ere dena da gaur egun sasidi eta zuhaizti, igogailuaren bi aldeetan, bai eta Argaren ezkerraldeko ertzean ere. Garai batean, udal langileek harresi ondoko landare txikienak ere kentzen zituzten, hiria babesteko hormak agerian uzteko eta, inork Iruñeari eraso egiten bazion, erasotzaileari abantailarik batere ez emateko.
Aurten, garbiketa ederra egin dute, han pilatuak zeuden sasiak, zaborrak eta bertzelakoak kentzeko. Inguru hartan dago auzigaia (eraikin bat) eta, badirudi, berriz ere jendea bizitzera joanen dela; hori bai, han gelditzen den etxe bakar hori goitik behera berreraiki eta gero, suak kiskalia baitago. Etxearen jatorria aspaldikoa da, zapatarien gremioak jabetzapean zuen garaikoa. Larrua ontzeko erabiltzen zen, larruarekin gauza aunitz egiteko: zapatak, gerrikoak, hedeak, uhalak eta bertze. Larrua ontzeko lanek sekulako kiratsa sortzen zuten, eta hiriko bizilagunek ez zuten horrelako lantegirik nahi beren etxeetatik hurbil.
Hori dela eta, hamaika ika-mika izan ziren mendez mende, larrua ontzeko lantegiak non paratu erabakitzerakoan. Kokalekurik egokiena hiritik kanpo zen, erreka bazterrean, urak ugaldean beheiti eraman zitzan lanaren ondorioz sortzen ziren hondakinak oro. Arrotxapeko zubia hurbil-hurbil dago, hots, hiriko zubirik jendetsuena. Goiz partean, jende emari nagusia erripa gainera doa, dela igogailuetan, dela San Domingon gora oinez; arratsaldean, berriz, Arrotxapera. Eta oinezkoen ibileren lekuko, hortxe dirau larru lantegi izandako eraikinak, bortz mendean Argak sekulan eraman ez duena.