Urte berriak munta handiko bi erabaki ekarriko ditu. Edo hobeki erran, bi erabaki garrantzitsuk hartuko dute indarra. Biak ere Alde Zaharrari dagozkio. Izan ere, abenduaren 31ko gauerdiko ur berriarekin batera, tabernek halako atarte estanko bat izan beharko dute jendea sartzen den aldean, zalaparta hotsa xurgatzeko, bai eta bi ate ere. Ez da zilegi izanen, gainera, bi ateak parez pare kokatzea, ezinbertzeko kasuetan izan ezik. Tabernek hainbat urte izan dituzte neurri horiek hartzeko. Ostalaritza areto mota guztiak daude barne, hau da, taberna arruntak, bereziak, kafetegiak, bai eta diskoteka eta festa-lekuak ere, guztiak jatetxeak izan ezik.

Ikusteko dago neurri berriak eragina izanen ote duen azken bolada honetan, udan euli kaparrak bezala, noranahi zabaldu diren establezimenduetan, hau da, ordu txikietan eta, are, lehen argi txintek gau minaren iluntasuna urratzen hasi arte, nonahi zabalik dauden janari aretoetan, pasta, kebab, edariak eta gisakoak saltzeko, haien arrimuan biltzen baitira gautxori zurruteroenak, zalapartarienak, alkoholak eragindako gosea berdindu nahian, zealdoka dabilkien gorputzari nekez eusten dioten bitartean. Bertze erabakia, berriz, turistendako apartamentuei dagokie, ez baitzaie lizentziarik emanen urtatsetik aitzinera.

Horrelako apartamentuak izugarri ugaritu baitira azken urteotan. Gainera, gero eta esku gutxiagoetan daude. Izan ere, badira horrelako hamaika etxebizitza Alde Zaharrean alokatzen dituzten enpresak, batzuk hemengoak, bertze batzuk kanpokoak, guztiak ere txit abilak arauei iskin egiteko, obrak lizentziarik gabe hasteko, gogoak ematen dien guztia egiteko. Auzokide nekagaitzek gogor eta gogoz ekin behar izan diote desmasia horiek guztiak geldiarazten saiatzeko. Horrenbertzez, neurriok on eginen diote Alde Zaharrari… egiazki betetzen badira.