Alemaniak ere istriborrera jo du igandeko hauteskundeetan. Kontserbadoreek irabazi dute, eta kantziler berriaren izena, Friedrich Merz, ikasi beharko dugu. Egia da garaipena ez dela handia izan, espero zutena baino txikiagoa, baina Alemanian ohikoa den koalizio handia osatuko dute, galera handia jaso ondoren, hirugarren gelditu diren sozialdemokratekin. Iragarpenak bete dira eskuin muturra dela-eta, bigarren gelditu dira; Alice Weidel poz-pozik zegoen prest gobernuan sartzeko kontserbadoreekin, baina Merz jaunak ezetz esan zion irmo. Hauteskunde gauean hautagai guztiekin telebistan egiten den tertulia ikusi nuen, zatitxo bat, eta Weidel andrearen lasaiak harritu ninduen: Merzi aurpegiratu zion programa kopiatu diola, baina sozialdemokratekin ezin izango duela programa osoa bete (migranteekin gogorragoa izatea, laburbilduz), eta hautesleak zapuztuta geldituko direla. Iruditu zitzaidan Weidelek ez duela presarik, eta, esaten den bezala, zain geldituko dela etxearen aurretik etsaiaren hilotza pasatzen ikusteko. Oposizioan alderdi nagusia izango denez, etekin ederrak aterako dituzte.

Die Linke, ezkerra, pozik atera da hauteskundeetatik, eta gazteen, batez ere, emakume gazteen artean arrakastatsua izan da, baina badaki eskuinak izan direla irabazle. Ezkerrari atera zitzaion bereizketa gorri-arrea, BSW izenekoa, parlamentutik kanpo geratu da, gutxigatik geratu ere, orain eskura dauden datuen arabera. Liberalak ere ez dira egongo parlamentuan, eta Berdeak laugarren alderdia dira.

Bitxia da hauteskundeen geografia, ekialdeko Alemania eta mendebaldekoa txikitan izan nituen mapetan bezala, han-hemenka orban batzuk kenduta, agertzen dira emaitzak kontuan hartuz gero; harresi fisikoak suntsitu zituzten arren, harresi sozio-ekonomikoak eta psikologikoak zutik daude oraindik. Geografikoak bezain bitxiak edo esanguratsuak dira beste parametro batzuk (gizonak eta emakumeak, adina, irabaziak, ikasketak...) aztertzen dituzten analisiak.

Dena istriborrera beraz, azkenaldian ohikoa den bezala. Itxaropen izpi bat hor urrunean, agian (emakume gazte horiek, eskerrik asko!).