Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Epaileak eta Martxoak 8

Epaileak eta Martxoak 8ARTXIBOA

Abiadura handiko mundu honetan albiste batzuek ordu gutxiko iraupena dute. Horixe gertatu berri da martxoaren hasieran jakin genuenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adin txikiko neska bat bortxatzeagatik kondenatutako bati espetxe-zigorra bost urte murriztu diola, neskak, eta orain dator epaileek erabilitako argudioa, hamahiru urte izan arren, nagusiago ematen zuelako.

Ez naiz ni espetxe-urte gehiagorekin den-dena konpontzen dela pentsatzen duten horietako bat (kondenatuak zortzi urte eta erdi pasatuko ditu kartzelan), baina argudioa iraingarria iruditu zait. Ez al ditu justiziak irizpide objektiboak kontuan hartu behar, eta ez iritzi subjektiboak?

Argudioa, gainera, emakumeen bortxaketak direla-eta, epaile askok erabiltzen dituzten argudio matxisten beste katebegi bat baino ez da: janzkera probokatzailea dela, emakumeak ez zituela hankak behar bezala itxi, emakumeak ez zuela ozenegi oihurik egin eta abar izugarri betikoa. Etsigarria da pentsatzea 2025. urtean horrelakoak entzun behar direla, eta martxoaren 8aren inguruan.

Askok eta askok adierazi dute epaileek eta justizia-administraziorako lan egiten dutenek heziketa, heziketa feminista, behar dutela. Bat nator horrekin, baina ez dakit hainbat orduko ikastarotxo bat nahikoa ote den zatarkeria hori guztia zuzentzeko. Heziketa osoagoa, zabalagoa edo sakonagoa behar dela erantzungo dit baten batek, ikastarotxo bat baino zerbait gehiago, eta ados nago berriro. Nolanahi ere, pentsatzea hezkuntza dela arazo guztien aterabidea baikorregia iruditu zait beti.

Heziketarik gabe ez dago zereginik, jakina, halere, ez da nahikoa. Gizarte osoaren pentsamoldea aldatzea da gakoa (eta batzuen pribilegioak ezabatzea), eta orain arte feminismoari esker aurrera gindoazela uste bagenuen ere (epaileen artean ez gehiegi), ikusten ari garen azken seinaleak, betiko seinale zaharrekin batera, kezkatzeko modukoak dira, beldurtzekoak. Martxoaren 8a atzean gelditu da, hurrengo urtean beste bat egongo da, bitartean zer egingo dugun da premiazkoena.