Aste santuko eguraldi txarrak bustiko omen gaitu. Ehunka turista ikusiko ditugu zirek estalirik, noraezean, zaparradaren batek izutzen dituen bitartean. Espainia aldean egiten ari diren prozesioei begira izango diren deboto tristeen anpulu tristeak zerutik jausten diren tanta hotzekin nahastuko dira, eguraldiaren mehatxua ez baita nolanahikoa izango. Baina badakizue, gaztelaniaz esaten den En abril aguas mil errefraua ezin da saihestu. Gurean badiogu: Apirila euritsu, urte hura ogitsu. Antza, itxaropentsuagoak omen gara.
Tira bada, egun hauetan euria nonahi. Halarik ere, udaberriko meteorologia arrunta dugun arren, argi dago gure klimatologia aldatzen ari dela. Egunotan irakurri dut Europa dela azkarren berotzen ari den kontinentea. Europako Batasunaren Copernicus zerbitzuak esan du. Mendebaldea hezeagoa izan da eta ekialdea lehorrago bilakatzen ari da. Horrek guztiak sekulako desorekak sortzen ditu, eta ondorioz, iaz hainbat hondamendi gertatu ziren, desplazatuak eta hildakoak eragin zituztenak.
Harridura aurpegia jarri nuen nik hori leitzean. Niri Afrika kontinenteko bero sapak, edota India bezalako herrialdeetan ematen ari diren tenperatura itogarriak etorri zitzaizkidan burura, baina dirudienez, aldaketa oso nabarmenak ari dira Europa zaharrean agitzen.
Somatzen ari dena da eguzki kiskalgarriagatik bero jasanezina sarriagotan lehertzen dela gurean, eta agian hori probestu nahi dute energia korporazio handiek, makina bat proiektu fotovoltaikori atea zabaltzen ari zaizkie eta.
Euskal Herrian adibide dezente ditugu. Gasteiz inguruan Vitoria Solar parke fotovoltaikoek badute hainbat baimen bertako azpiegituretako lanetan hasteko. Eta duela gutxi ere irakurri nuen Agurain herriaren inguruan beste parke fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dutela.
Eguzkia energia-iturria da, eta guztion bizitzarako ezinbesteko osagaia, eta plaka horiek berotuko dituen arren, bide malkartsuagotan sarraraziko gaitu etorkizunean.
Jaungoikoak ere ezin izango du kontrolatu, gutxienik prozesioak blaitu ez daitezen.