Suhia Perutik hona etorri zitzaigularik, gure alabaren lagunek galdegiten zioten itsaso gainetik zenbat metrotara zegoen bere sorterria, baita zenbat biztanle zituen ere, ehunka batzuk izanen zirelakoan. Txunditurik uzten zituen mutil euskal herriratu berriaren erantzunak. Chiclayo Peruko iparraldean dago, Andeetatik urrun. 27 metroko altitudea du, kilometro urri batzuetara du Ozeano Barea, eta 600.000 lagun hazten ditu, Nafarroak adina.
Izan zen hango berri guk baino lehenago jakin zuen euskaldunik: 2013an, bertako lehen mailako futbol taldearen entrenatzaile bilakatu zen Jose Mari Bakero goizuetarra, Errealeko eta Barcelonako jokalari ohi ospetsua. Guk duela bederatzi urte zanpatu genituen hango karrika zalapartatsu, kaotikoak, familia politikoa ezagutzera joan ginelarik. Ez da Cuzco edo Arequipa.
Ez arbaso motxikek ez kolonizatzaile espainolek utzi dute aztarnarik bertako arkitekturan. Jendearen adeitasunak eta janari goxoak berdintzen dituzte halako gabeziak. Arkeologiaren eta kultura zaharren grina duenak, dena den, lekune ikaragarriak deskubrituko ditu haren inguruan. Naturaren maitaleak ere badu non ase, urrundu behar izan gabe.
Eta ez atzendu, hara joanez gero, “brujoen merkatu” harrigarria. Frantsesak edo kanadarrak ziren han izan ginelarik kausitu genituen turista kanpotar gehienak. Egun haietan, behin baino gehiagotan pasatu ginen katedralaren ondotik; baliteke halakoren batean orduko apezpiku Robert Francis Prevost gurutzatu izana oharkabean. Gure suhiak dio berari maiz gertatzen zitzaiola han bizi zelarik.
Prevost aita saindu bilakatu da orain eta horri etekina nola aterako ari dira Chiclayon. Oraingoz, hango turismo erakundeak “Leon XIV.aren arruta” eskaintzen hasi dira, elizei eta santutegiei adina leku emanez gastronomiari. Probestu orain, prezioak igo baino lehen.