Espainian eman berri den Planeta Sariak berpiztu du polemika. Telebista saioetan agertzeagatik ezaguna den Juan del Val-ek irabazi du aurten saria, pertsonaia polemikoa, zeresana ematen duena bere lekuz kanpoko ateraldiengatik eta abar… Hainbat ahotsek salatu dute pertsonaia ezagunen erabilera liburuak saltzeko, haien lanen kalitatearen gainetik. Saria audientzietan oinarrituta eman dela orain ere, halako hamaika salaketa entzun dira.
Argitaletxeek antolatutako sariak, egia da, liburuak promozionatzeko eta liburu gehiago saltzeko tresnak dira, hori ezin da ukatu, baina egia da baita ere azkenaldian Planeta bezalako sariek inoiz eduki zezaketen prestigioa galduz joan direla literatur lanen mailari dagokionez. Aurrekoan batek esan zuen bezala, noizean behin ematen diote saria benetako idazle bati, baina gero telebistan agertzen diren pertsonaia ezagunak edo arrazoi ezberdinengatik asko saldu dezaketen pertsonei ematen diete, sareetan jarraitzaile gehien dituztenei kasu.
Oraingoan indar handiagoz berpiztu da polemika irabazleak egindako deklarazioengatik. Juan del Valek jendearentzako idaztea elite intelektual batentzat idaztearen gainetik dagoela adierazi du. Eta, noski, piztu da sua. Izan ere, zer da jendearentzako idaztea? Eta jendearentzako idazteko literatur lan baten maila jaitsi egin behar al da?
Gurera etorrita, esango nuke euskal literaturan gertatzen dena ez dagoela Espainiako panoramarekin konparatzerik. Badaude gehiago saltzen duten idazleak eta gutxiago saltzen dutenak; obra komertzialagoak eta literatura maila altuagoak dutenak eta abar… baina badaude hainbat maila handiko literatura lan erakusten digutenak jendearentzako idaztea badela kalitatezko lanak idaztea ere, gertu dagoen Durangoko azokan aurten ere egiaztatu ahal izango dugun bezala.