70eko hamarkadako azken urteetako Iruñean, Alde Zaharrera joanez ematen genien ihesbidea dantzan zebilzkigun hormonei. Karrika hertsien amaraunean segurtatua genuen denbora-pasa. Trantsizio delakoaren urteetan ohikoak ziren han poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak, asteburuetan bereziki. Maiz ez genuen jakiten deialdiaren arrazoia ere. Hemen lasterka, hor salto, han oihu. Izualdiren bat ere noizbehinka.
Onik aterako sekretua, arriskuari ez sobera hurbiltzea, entzierroko lasterkari (txar) gehienen gisara. Gero, baso erdi bat eta, etxera bidean, errepasoa jokaldi interesgarrienei. Merke, emozioetan jori eta, gainera, herriari gure ekarpentxoa egina geniolako ustean. Adimenduak eta bizitzaren opariek urrundu gintuzten entretenigarri dudazko horietatik. Geroko hamarkadetan, mutil franko –beti izaten dira mutilak– ikusi izan ditugu halako su-festetan erretzen. Amorratuago eta amorragarriago. Txikiago eta txikitzaileago. ETAk amore eman aitzin zegoen ahitua kale borroka. Turistek bete dute gazte erreboltarien lekua gure alde zaharretan. Nago futbolzaletasunaren adar bortitz eta muturrekora lerratu ez ote den, azken urteetan, hainbertze kemen, hainbertze gazte-indar alfer. Antifaxista delakoen agerpen zakarrak piztu ditu orain alarmak. Hainbertzerako da? Batek daki. Beharbada, belaunaldi bakoitza bizi behar du bere zoroak. Adimenduan sartuko dira noizbait, agian erre baino lehen. Bizkitartean, eskuina kontent, kale borrokaren ustezko berpizkundearekin. Eta eskuin muturra kontentago.
Faxisten eta antifaxisten arteko buruz buruko bataila mitikoak Alemanian eta Italian gertatu dira mende honetako lehen urteetan. Gaur egun eskuin muturra bigarren indarra da Alemanian eta agintean dago Italian. Polizien kamerei itzuri egiteko mozorroagatik izanen da, seguraski, baina zein zaila den antifaxista hauek faxistengandik bereiztea.