Harritzekoak dira gure mundu honetan gertatzen diren kontu asko. Munduari begira, munduaren osasunari begira, munduaren etorkizun posibleei begira jartzen dira nazio guztiak, eta horixek ez dira gai munduak duen gaixotasunaren kontrako balizko errezeta bat sortzeko ere. COP30 biltzarraz ari naiz. Inoiz sortu den batzar garrantzitsuenetako bat aspaldian eratu zen krisialdi klimatikoaren kontra estrategia eta borroka zuzena zuzenduko zituelakoan, baina urteen poderioz, garai hartako potentzialitate eta baikortasuna bidean diluitu direla esan daiteke. Dirua omen da baliabide bakarra gainera datorkigun alarma klimatikoa zuzentzeko, baina bitartean hain kaltegarriak diren erregai fosilei buruzko akordio sendorik erdietsi gabe itxi da biltzarra. Zenbaki batzuk dira etorkizuna belztuko dutenak.

Lurrak ezin ditu 2 gradu zentigrado gehiago hartu, bestela kataklismoa etorriko zaigu. Baina errealitatea bestelakoa da, munduko potentzia boteretsuei bost axola zaie klima, hartu beharreko ebatziak ekonomiaren kaltetan baldin badira. Hipokrita halakoak! Lurraren zirkunferentzia handiena den ekuatoretik gora dauden oligarkiek gero eta interes gutxiago daukate gai horretan, eta marra horretatik beherako herrialdeak aldaketa suntsitzailearen eraginak gero eta gehiago nabaritzen ari dira. Datorren urtean beste COP bilera bat egingo dute Turkian. Baikortasunik? Egunotan aldarrikapenez beteriko beste gai garrantzitsu bat izan dugu gure kaleetan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna.

Datuek erakusten duten larritasunarengatik ozen zabaldu behar da mezu bat: matxismoak hil egiten du, eta bera amaitu behar da kosta lain kosta. Gaur egungo gazte eskuindar askorengan nabariak dira mezu matxistak, eta hori onartezina da gizarte moderno eta etiko batean. Agerikoa da ez dagoela ahalmen politikorik matxismoaren (eta hein berean, faxismoaren) kontrako legeak eta politika zurrunak eratzeko eta gure gizartetik betiko desagerrarazteko. Ezin da zapalkuntza hori gehiago pairatu, eta are gutxiago dagoen hipokresiarekin.