Aste honetan hainbat egun gogoangarri izan ditugu. Lehenak herri biren arteko deskalabrua erakusten du. Duela lau urte, 2022ko otsailaren 24an, Errusiako ejertzitoak Ukrainan sartu eta inbasio erraldoi bati ekin zion. Vladimir Putin Errusiako presidenteak “operazio berezia” zela esan zuen.
Lehen hilabete haiek gure garai modernoak ekarri dituen espantuzko irudiak erakutsi zituzten. Jendea uholdeka karriketatik barrena herrialdetik irten nahian. Egoera dramatiko hark elkartasunaren txinparta piztu zuen herrikide askorengan eta askok beso zabalik hartu zituzten ukraniarrak. Horietarik asko bertan lotu dira herrira ezin baitira oraindik itzuli. Agian horiexek ere etorkizun hobe baten zain izango dira betirako.
Ukrainako inbasioak nazioarteko panorama politiko-ekonomikoa erabat irauli zuen, eta mendebaldeko estatuek bloke bat osatu zuten Errusiari erantzun bat emateko. Une hartantxe hasi ziren herrialde horren kontrako nazioarteko zigorrak, urteen joan etorrian apenas eraginik izan ez dutenak.
Data hartatik hona esperpentoa. Milaka eta milaka hildako eta zauritu gertatu dira bi aldeetan, bertako presidenteak gerra bukatzeko burutu diren negoziazio-batzarretan muturka ibiltzen diren bitartean. Trump ere tartean sartu zen, eta halako batean bakearen aldeko mugimendua egingo zuela pentsarazi zigun, baina betiko legez, egoera kakazten baino ez daki.
Gaur, gerlaren lau urte betetzen diren honetan, amaiera urrun ikusten da, eta liskar hori mundu osora zabalduko den izua ez da desagertu. Zaurgarriago bilakatu gara.
Aste honetako ere, otsailaren 23an, baina 1981eko otsailean, Antonio Tejero Guardia Zibilaren teniente koronelak estatu kolpea eman zuen bere jarraitzaile batzuekin batera. Bada, data haren inguruan albistea sortu da, izan ere, Sanchezek 1981eko estatu kolpeko paperak desklasifikatuko dituela esan du.
Hortxe daude ultraeskuindar guztiak artega batean, Espainiako presidenteak iragarritakoaren gainean gaizki esaka, lerdea dariela, laido gruteskoak botatzen. Agian gustuko ez duten zerbaitek argia ikusiko du.