Jatetxe batean, alboko mahaian, hirurogeita hamar urtetik gorako bikote bat bazkaltzen. Ez dago ezer apartekorik eszena horretan, eta, hala ere, egiten duten guztia iruditzen zait apartekoa. Heldu bezain laster, gizonak aulkian eroso dagoen galdetu dio emakumeari; ardoa zerbitzatu dietenean, emakumeak topa egiteko eskatu dio; hitz egiten ari dira, adi besteak esaten duenari; galderak egiten dizkiote elkarri eta bestearen ahotsa entzuteko zain geratzen dira, besteari denbora emanez. Ez dira batak besteak baino gehiago hitz egiteagatik lehiatzen, ez dute ahotsik goratzen, ez dute inolako garaipenik bilatzen, elkarrizketa beraren garaipenetik harago. Pentsatu dut urteak daramatzatela elkarrekin eta urte guzti hauetan elkarrenganako errespetua mantendu dutela altxor bezala.
Eszena sinple eta normal bat da baina gaur eguneko joera nagusietatik hain dago urrun, berezia iruditu zait. Leuntasunez eta errespetuz begiratzen dio gizonak emakumeari honek hitz egiten duenean. Berdin emakumeak gizonari, nahiz eta momentu batean ez zetorren bat berarekin. Baina hori ere leun, errespetuz, azaldu dio bere iritzia. Ez dio esan ez duzu arrazoirik. Esan dio beste modu batera ikusten duela berak.
Noiz utzi genion elkarri halako errespetuz begiratu eta hitz egiteari gizarte zaratatsu eta errespetu gutxiko honetan? Elkarrizketak lehiak bihurtu direla ematen du, desadostasunak eraso modura ulertzen dira, barre egiten zaio leuntasunari, sentikortasunari. Bestea atentzioz entzutea zerbait ezohikoa bihurtu da eta harremanak botere-borroka bihurtu dira kasu askotan. Emaitza gizarte zaratatsu bat, baina erabat inkomunikatua.
Jatetxeko eszena ikasgai bizia iruditu zait. Eta pentsarazi dit leuntasun horren azpian batez ere zaintza dagoela. Bata bestea zaintzea. Eta gizarte honek zaintzaren gimnasia asko behar duela. Zaintza dela denok dugun betebehar bat eta baita bizirik mantendu behar dugun altxor bat.