Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Elena Etxegoyen

Pontifex

PontifexVatican Media

Gaur apirilak 21, urtebete bete da Bergoglio Aita Santua hil zenetik, Apala eta adeitsua, haren pontifikatuaren hasieratik bere hizkera arin, erraz eta zuzenagatik, baita Vatikanoko pragmatismo tradizionala alde batera uzteagatik, nabarmendu zen. Izendatu eta pare bat hilabetera soilik, mundu-erdiaren arretaren fokua zen. Aitasantutzako 12 urteetan zehar, ez zuen inor axolagabe utzi: batzuentzat, Elizaren beharrezko berrikuntzaren bultzatzailea, bertako sektore kontserbadoreenentzat, asaldatzaile bat besterik ez, akaso anatema bat.

Prevost Aita Santua, Leon XIV, bere aurrekoaren ibilbidearekin kontinuista baina forma bareagoekin, estatubatuar lehen Papa da. Aukeratutako izena ikusita -Leon XIIIren ohoretan zeinak, bigarren iraultza industrialaren zurrunbilo betean, Elizaren doktrina moderno soziala garatu baitzuen haren Rerum novarum entziklikan- jadanik ematen zizkigun pistak bere aitasantutza norantz zabaltzen zitzuen. Hautaketa-konklabea egin eta egun batzuetara, Papa Frantziskok landutako Evangelii gaudium dokumentuarekiko konpromisoa berritzea kardinalei eskatu zien Aita Santuak, pobreen alde borrokatzen duen Eliza bizi eta askotariko baten alde, garai guztietako misiolariek munduan zehar egin izan duten lanaren funtsa, Perun 20 urte baino gehiagotan berak bezala.

Bada, urte honetan zehar, era guztietako iritzi-emaileek salatu dute haien ustez Papa Leonek hartutako profil baxua, San Pedro Plazan lehen hitzaldian bake desarmatu eta desarmatzaile baten aldeko mezu indartsua lau haizeetara zabaldu zuela jada ahaztuz. Beraz, orain, zein da berritasuna? Trumpek goi-mailako ustekabeko figura batekin egin duela topo, ahots propioa eta erantzuteko gaitasun eztabaidaezina duena.

Emeki, zalapartarik gabe, Ebanjelioaren funtsa bera aldarrikatu du Leon Aita Santuak, zera, bakearen eta sufritzen dutenen defentsan esku hartzeko prest dagola. Haren hitza altua eta irmoa, gerrako jauntxoen amorrurako, egundoko kontrapisu baliotusa da gaurko nazioarteko eszenatoki erotuan. Hala izan bedi.