Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Ezabatu

EzabatuMagnific

Adimen artifizialaren garai honetan, beste gauza askoren artean, argazkietatik jendea ezabatzeko aukera daukagu. Jada ez dago garai batean bezala argazkiaren zati bat apurtu behar norbait zure oroitzapenetatik desagerrarazi nahi izanez gero. Turistaz gainezka dagoen leku hori edo argazkiaren atzealdean agertu zaizun ezezagun hori erraz ezabatu ditzakezu gaur egun. Kontua da argazkietan hain erraz egin dezakegun ekintza honek piztu diezagukela tentazioa bizitza errealean ere gauza bera egiteko. Hau da, jendea gure bistatik ezabatzeko.

Eta hau gertatzen da jendeak gero eta traba handiagoa egiten digulako han eta hemen. Ez da jendearen errua (gutariko bakoitza jendea ere garela ahazten dugu askotan), eta ez da ezta jendeak ez duelako jendea ikusi edo ezagutu nahi (begira bestela zelan dauden harremanetarako aplikazioak), hiri, herri eta auzoetako nortasuna desagerrarazten ari diren turismo ereduek eragindako arazoa da batez ere.

Argazkietatik bezala errealitatean ere jendea ezabatzeko tentazioa hazten da turista taldez gainezka dagoen kale batean ezinezkoa egiten zaizunean imajinatzea zelakoa den benetan kale hori, zelan bizi diren hiri horretako bizilagunak, jendetzaren artean pausorik eman ezin duzunean. Herri eder eta erakargarri bat infernu bilakatu daiteke kaleak kolorezko aterki baten atzetik datozen turista taldez betetzen direnean.

Epe laburrera begira diseinatutako turismo ereduek gainezka jarri dituzte hainbat hiri eta herri eta honek batez ere bertakoen bizitza zaildu du, ezinezkoa egin arte kasu askotan. Nire lagun batek beti esaten du gauza bera oporretatik edo bidaia batetik bueltan datorrenean: txarrena, jendea. Garai batean, aldiz, beti esaten zen onena jendea zela, han eta hemen ezagututakoa.

Soluzioa, beraz, kaleak hustu baino gehiago, bizilagunez betetzea da. Ez ditugulako nahi hutsik dauden hiriak, bizitzaz gainezka daudenak baizik.