2026ko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa joan den astean hasi zen, eta masa-gizarte global eta masifikatuaren hipnosia sortzen duen makrofenomeno deportiboak uztailaren 19ra arte luzatuko da. Aurten Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon izango dira 48 selekziok (Euskal Herrikoa ez da bertan izango) jokatuko dituzten 104 partidak, eta azkena, uztailaren 19an egingo da New Yorken, zeina milioika jarraitzailek ikusiko duten. Promesa brillanteentzako aukera bikaina.
Izokin koloreko azala duen Trump politikariak bere herrialdera eramango ditu ia partida gehienak, inportanteenak bai bederen, Mexiko eta Kanadaren parte hartzea askoz txikiagoa izango baita. Trump boldroak zuritze ederra lortuko du kirol ekimen horren bidez, eta bigarren maila batean geldituko dira berak eragindako gehiegikeria guztiak, tartean, Gazako genozidioa bultzatu duen Israel estatuaren lagun mina izatearena.
Orrazkera lotsagarriren morroiak inbutu politikoa ezarriko du bere mugetan, eta berarentzat zipokariak izan daitezkeenak linboan utziko ditu, eta ondorioz, hainbat lagun ezin izango dira bere herrialdean sartu.
Betiko legez, ekimenak, botere baltsamiko edo katartikoa izango duenak, gain dimentsio bat izango du, eta txapelketak bilduko dituen zifrek hala erakutsiko dute. Dena izango da monumentala, larriegia, apartekoa, itzela, izugarria, neurribakoa, eta patriotismo inposatua, propagandistikoa eta gratuitoa lau haizetara zabalduko da.
Bai, dena kolosala izango da.
Nik ostera, beti inpaktatu nauen irudi baten gomuta ekarri nahi dut lerro hauetara. 1963ko ekainaren 17an (atzo) Thich Quang Duc abade budista vietnamdarrak bere buruari su eman zion garai hartako Saigon hirian. Budistek AEBek babesten zuten Vietnamgo gobernuaren aldetik jasaten zituzten jazarpenen aurkako protesta gisa egin zuen.
Abadeak bere burua erretzen zuen bitartean ez zuen zirkinik ere egin, ez zuen inolako zaratarik sortu. Inguruko lekukoak isilik lotu ziren, beste batzuk negar-zotinka edo otoitz egiten ari ziren. Bere heriotzaren irudiak munduan zehar barreiatu ziren.