Heriotza ustekabean sartzen da, beti, etxean, lapur baten gisa, haren zain egon ala ez. Ezpata zorrotz eta zakar baten antzera zulatzen gaitu, alderik alde, eta jasan ezinezko nahigabearen zama botatzen digu gainera. Hala izan da, oraingoan ere. Hainbat urteetan ezagutu dugunentzat, Nerea eta San Fermin ikastola aska ezinak ziruditen betirako bata bestearengandik. Bereizi ezinak bezala. Berrogei urtetik gora elkarrekin zeudela. Iñori harrera egin behar ba zitzaion, informazio bat luzatu, zertifikaturen bat egin, notak iritsi arazi... han zegoen Nerea San Fermin Ikastolaren izenean, bulegoan, bere betiko mahaian. Artxibategi bat izatera iritsia zen. Honi edo hari, edo beren sendiei buruz zerbait jakin nahi bazenuen, Nerearen oroimen iturri oparora joan besterik ez zenuen, eta bertatik edan, zein promoziotakoa zen, bere tutoreak zeintzuk izan ziren, edo dena delakoa jakiteko. Xehetasun guztiz jakingo zenituen, gainera. Hainbat urte bizi izan garenok berarekin esker ona baizik ez dugu gure bihotzetan bere lan eta dedikazioa handia eskertzeko. Ez dugu ahaztuko, ezta, Nereak bere seme kuttun Unairi zion maitasuna. Eta zein harro sentítzen zen berataz. Eta, berdin, ez ditugu ahaztuko bere amarekiko beti agertu duen maitasuna eta ardura. Joan da, bai, baina ez erabat; gure artean izango dugu, ziur nago, aurrerantzean ere. Bere sendi osoari, baina bereziki bere seme Unairi eta bere ahizpei -hauetako batzuk lankide gure artean- gure doluminik sentituena, eta gure maitasunik zintzoena helarazi nahi genieke. Zuekin gaude momentu zail hauetan ere.