Berriki Kataluniako Generalitateak COVID-19ak jotako adineko jendeari ospitaleratzeko irizpide mugatzaileak ezarri ditu. Egun batzuk lehenago Italian antzeko jarraibideak iragarri ziren, eta Erresuma Batuan, pandemia sortu orduko azalpen beratsu egin dute Osasun Sistema Nazionaleko (NHS)arduradunek. Hasierako nire jarrera harridura eta mesfidantzaren artekoa izan da, baina baita abandonatze eta traizioaren sentsazioa ere bai. Gehienok baditugu adineko familiakoak: gurasoak, aitona-amonak edo izeba-osabak. Garai latzak bizitako eta lan gogorra egindako jendea, eta sistemari dirutza emandakoa ere bai. Eta orain, urtetan egoera hoberena bizitzen ari garelarik, osasun sisteman baliabide falta direla eta, agintariek sakelatik ateratzen dute Rockwood irizpidea eta erraten zaigu laurogei urtetik goitiko jendea hobe ez ospitaleratzea, COVID-19ak eskatzen duen artatze gogorra garaituko ez dutelakoan. Rockwood irizpidea egon bazegoen, baina ez zuen adin zehatzik adierazten. Eriaren hauskortasunaren sailkatze bat da, adinari begiratu gabe, eta maila bakoitzean artatze egokiena azaltzen da. Rockwood irizpidea erabiltzearen gibelean sistemaren murrizpena eta politikoen etika falta ezkutatzen dira herritarrik hauskorrenak osasun sistemaz kanpo uzteko xedearekin.