telebistari esker jakin nuen Espainiako hiritarrak alderdia Altsasun egitekoa zela “bere” bilera. Hasieran, broma bat izango zela pentsatu nuen. Baina ez. Atzo izan zuen leku aipatu enkontruak.

Kaleak segurtasun neurri zorro-tzez hartuta argitu zuen egunak Altsasun. Bi bando egon zitezkeela aurreikusita, kaleak moztuta eta polizia indarrak kokagune estrategikoetan zabalduta.

Probokaziotzat jo zuen Euskadiko PP alderdiak Espainiako eskuinaren egitasmoa. PSOE alderdiak baita ere. Beharrik eta inolako justifikaziorik gabe aurrez aurrekoa bilatzen zuen deialdia zela aditzera eman zuen. “Hemen gauzak diferente egin behar dira” zioten.

Kanpotik joanak omen ziren bertaratutako gehienak. Aragoi aldetik eta. Espainiako banderatxoak oparitu nahirik inor gutxi aurkituko zuten kaleetan.

Riveras-ek, Espainiako hiritarrak alderdiko presidenteak, Altsasu herri ederra dela adierazi zuen komunikabideen aurrean. Espainiako herri ederra. Eta Altsasura askatasuna aldarrikatzera joan zirela. Zer askatasun, ordea?

Argi dago hiztegiaren definizioak ezberdin interpretatzen ditugula batzuok eta besteek. Batzuen askatasuna, besteena oztopatzen edo kaltetzen duen arteko egin ahalmena dela erakutsi ziguten. Eta legeak, hain zuzen ere, bi puntuen arteko muga zehazten duela. Protestak modu baketsuz bideratu zirela? Alferrikoak entzungorrei zuzendutakoak.

Espainia osoarentzat erakusgarri izan nahi izan zuen Riveras-en bilerak. Espainiaren unitatearen aldeko aldarria. Aldarria egiteko askatasunaren aldekoa. Nahi zuen tokian aldarria egiteko askatasunaren aldekoa. Espainiaren biho-tzean. Maiteen duten lekuan.

Gogoratzen dut, umetan, txokolatezko etxetxoa zuen tarta zatia nahi izaten genuela neba-arreba guztiok. Huraxe zela zati handiena aurpegiratzen genion amari. Behin, amak, etxetxoa plater batera erretiratu zuen gerrari akabera emateko. Harrez geroztik, inork ez genuen tarta zatirik nahi izan, denak berdinak izanagatik.

“Hemen gauzak diferente egin behar dira” entzun nion amari esaten, ahopean.