Andaluzia eta gu
Niri ere barrenak uzkurtu dizkidate Andaluziako hauteskundeetako emaitzek. Jakina, negar guti eragin dit PSOEren zalapartakoak. Inor ez da betiko eta, hogeita hamasei urteren ondotik, noizbait gertatzekoa zen nagusitasuna galtzea lurralde horretan. PP Madrilen eta Valentzian bezain ustel gertatu dira sozialistak Andaluzian, ahantzi gabe zein ezgauza izan diren lurralde hau atzerapen kronikotik ateratzeko. Podemos-IUren arteko aliantzaren porrotak, bertzalde, inor guti harrituko zuen: oilar borroka etengabea ez da ?Andaluzian ere ez? boto-emailea mobilizatzeko biderik hoberena. Eskuinaren aldean hautsi dira aurreikuspen guztiak. Bazen haren zatiketa begi onez ikusten zuenik, ahuldu eginen zuelakoan. Baita uste zuenik ere hauteslego zentrista urrunduko zuela Casadoren alderdiaren muturrerainoko bidaiak. Ez bata ez bertzea gertatu, ordea. Eskuin muturra indartsu agertu da, inoiz baino eskuinagoko eskuinak sendotasunik galdu ez duela. Ez da, bistan dena, fenomeno espainiar bat, mundu osokoa baizik. Hemen ere emigrazioak, aldaketa teknologikoak, gizartearen feminizazioak edo gutxiengoen eskubideek ezinegona pizten dute biztanle talde zabaletan. Ezkerra, berriz, galtzen ari da globalizazio ekonomikoak kalteturiko sektoreen konfiantza. Txinparta bat baizik ez zen falta, eta independentista katalanek piztu dute, hondarrean, sua. Azken egunetako hauteskunde kanpainan, Katalunia Andaluzia baino gehiagotan izan omen dute mintzagai hautagai eskuindarrek, eta ez dirudi gaizki joan zaienik. Jakina, hori guztia hutsa litzateke guretako, Andaluzian gertatuak Estatu mailan etor litekeenaren iragarpena ez balitz. Madrilen, PPren, Ciudadanosen eta Voxen gobernu bat ez da jadanik fantasia. Eta horiek guztiak gehi UPN ere ez, Nafarroan. Argi ibili, badaezpada ere.