Tabakalerak, aurtengo udarako, azkeneko solairuan duen kristalezko prisman, gastronomiari zuzendutako ikerketa zentroa eta jatetxea izango omen ditu. “Gastronomiari zuzendutako beste gune bat!” pentsa lezake batek, “Gure kultura zabaltzeko estakuru ezin hobea!” beste batek? edo “saltzeko diseinatutako kulturari lotutako beste azpiegitura eta erakusleiho bat” legoke norbaitzuen buruan “gaztetxeek eskaintzen duten kontrakultura baztertzen eta ezbaian jartzen den bitartean”.

Kultura sortzeko, bizitzeko eta eskaintzeko modu ezberdinak dira. Baina ezin dute antagonikoak izan. Edo ezin dira elkarri bizkarra emanda bizi. Eskaintza-orri berean beharko lukete egon, eta hiritarrak egingo aukera bata eta bestea noiz jasoko.

Tabakalerako prismaren berri jakitean, Europan barrena egindako bidaia batera joan zait burua. Zubi azpi batean, garai batean hiriko azoka egiten zen lekuan, gazte sortzaileei zuzendutako lokalak zeuden gaituta. Behinola nekazariek zubipean hotzetan egon behar izaten bazuten ere, orain, hainbeste lokal txiki zeuden aterata bertan, kristalez hartuta lokalaren aldeetako bat eta, barruan, gazteak, entseguak egiten: musika jotzen, dantzan, grabaketak egiten, antzerki-saioak, performanceak? Eta lokalen erdian, eskenatoki bat, zeinetan artista nobel baten emankizuna eskaintzen zen. Turista gisa hurbildu ginen gunera zaratak eta mugimenduak erakarrita eta bost euroko sarrera ordainduta, egun hartako ikuskizunez gozatzeko aukera izan genuen. Hizkuntza tarteko (alemanieraz ari baitziren), ez genuen adierazi nahi zigutena gehiegi ulertu. Baina bizi-bizirik atera ginen sortzen ari ziren gazteen artean ibilita; etorkizun hurbilean, egun hartan leku hartan egondako gazte bat baino gehiagoren lanak ezagunak egingo zitzaizkigula pentsatuz. Zenbat eta zenbat gaztek zuten Udalaren babesa, modu ordenatuan, lokal egokietan, beraien adierazteko eta sortzeko minari behar den erantzuna emateko aukera?

Sormen prozesua bera, kristalez hornitutako lokal haietan, espektakulua zen jada. “Plaza” zen eta sortzaileak “artistak” sortze unetik bertatik.