BADIRUDI Madrileko kontzentrazioa ez dela antolatzaileek espero zuten bezain jendetsua izan, edo bai; Gobernuko Delegazioak zenbaki bat eman du, beste bat, handiagoa jakina, antolatzaileek; eskuinaren hirutasunak arrakasta azpimarratu du (ez ozenegi), ezkerrekoek eta ezkerrekoek-edo “porrot” hitza laztandu dute. Gezurra badirudi ere, matematika zehaztasun ospeari muzin egin eta zientzia zehazgabeena da gehien behar dugunean. Baikor batzuek esan dute 45.000 gutxi dela, hala izango da, baina niretzat, kasu honetan, aldiz, 45.000 asko da, gehiegi. Argazkia izan da, nola ez, garrantzitsuena, edo, hobe esan, argazkiaren ingurukoak: nola egin den, nor dagoen noren ondoan, nolako arkodio mota zegoen egiteko. Argazkian jende asko dago, duda barik: Riverak handik aurkitu zituen lagun guztiak igoarazi zituen Abascalen harrizko presentzia dismulatzeko, alferrik; Marotori ukondo-kolpeak eman zizikion nork eta UPyDeko batek (izan badira oraindik); Casadok betiko irribarre ergela atera zuen; UPNeko batek lekua topatu zuen, Yolanda Ibáñez (existitzen zenik ere ez nekien, barkatu, oi nafarrok! Euskal Herri osoko politikariak ezagutzeko balio dit Madrileko kontzentrazioak behintzat).

Laster hauteskundeak izango ditugu eta hor zenbaketa zehatzagoa izango da, zehatzegia beharbada: asko, gutxi. Hauteskundeetan egiten den zenbaketak, gainera, ez du bueltarik: hor ateratzen dena jasan egin behar da lau urtez gutxienez.

Ez dakit zenbaketek (asko, gutxi) zerikusi handia izan duten Gure Esku Dago erakundeak hartu berri duen erabakian, herri galdeketa gehiago ez egiteko erabakian hain zuzen. Hor ere, zenbakia zehatza izan arren, baikorrak eta ezkorrak gutxi da/asko da ibili dira soziologia gora eta soziologia behera. Niri pena, apur bat, ematen dit kontuak, batez ere Gasteizen ez delako galdeketarik egingo, eta horrelako entretenimendu bat hirian igande goiz batean izatea ez baitago gaizki (barkatu fribolitatea, ni ezkorren taldekoa naiz). Kontsolatuko naiz: badirudi oso igande entretenituak datozela hauteskunde horiekin guztiekin, edo igande superentretenitu bat, nork daki.