Ikasturte berriaren hasiera dugu gaur. Unibertsitateak eta ikastetxeak gaurtik aurrera hasiko dira abiadura hartzen eta langile asko eta asko ere, udako etenaldiaren ondoren, gaur bueltatuko gara utzi genuen lanari berriro jarraipena ematera. Kontua da, nola bueltatu eta utzitakoa nola berriro eskuratu. Urte berri egunarekin gertatzen den bezala, opor ostea ere, konpromisoak hartzeko eta gure bizitzan hobekuntzak sartzeko garaia izaten da. Udako bizi erritmo berriak gainontzeko urterako aldaketak egiteko eta bizitza beste begi batzuekin ikusteko gogoa pizten digu; edota bete nahiko genituzkeen konpromisoei indartsuago eusteko adorea ematen.

Gaiaren inguruan ari ginela, lagun artista batek zera esan zidan abuztuaren hondarrean. Guri, ikastolan hezitakooi, konpromiso kolektiboak hartzen irakatsi zigutela. “Euskera” edo “herria” bezalako hitzekin ahoa betetzen zaigula. Eta artistak, oroz gain, “NI”-a duela lantzen. NI hori zenbat eta askeago izan, are eta hobea dela kolektiboa. NI aurrelari asko hobe direla garapenarentzat, alegia, GU zabal eta apal bat baino.

Asteburu honetan, Guggenheim-en izan naiz, eta bertan, Jenny Holzer artista estatubatuarraren “Zera deskribaezina” erakusketak harrapatu nau. Ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako milaka esaldiz estalitako hormak igaro nituen lehenbizi, poesiatik eta aforismoetatik hurbil dauden testuak. Baita errotulu elektronikoak mugiarazten dituzten muntaia robotikoetan gorriz idatzitako kontakizun edo gertakizunak ere. Kritikoak. Egungoak. Sarkorrak. Irakurtzeak ikusleari lana eskatzen diotenak. Berariazko ahalegina. Eta irakurri ondoren, “emakumeari boterea gustatzen zaio”, “Autokontzientzia zauri bat izan daiteke”, “Askatasuna luxua da, ez premia bat”, “Aldizka printzipioak pertsonak baino baliotsuagoak dira”, eta beste ehunka tankerako, nire lagun artistaren hitzak oroitu nituen. Hobera egiteko hartu beharreko konpromisoak kolore askotakoak izan daitezkeela eta konprometituak diren NI askok erakutsiko digutela, etorkizunean, GU berri baten soslaia.