Joan den asteazkenean, lanak izan zituen Iruñeko literaturzale euskaldunak. Lanak, hautatzen. Atxagazaleek Plazara!-n zuten hitzordua, han aurkezten baitzuen asteasuarrak Etxeak eta hilobiak bere hondarreko nobela. Itxaro Bordaren poesiari, berriz, Kondestablearen Jauregiak eman behar zion aterpe. Munduko literaturaren gose zirenen biltokia, azkenik, Nafarroako Liburutegi Nagusia zen; hantxe zuen solasaldia Isabel Etxeberriak, Alice Munro kanadarraren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak narrazio liburuaren itzultzaileak. Hiru ekitaldi, eta denak ordu berean. Bezperan, Unai Elorriaga nobelagilea Iturria bere azken lana aurkezten zebilen Karrikirin, Antzerki Eskolan aurtengo Bertso Aroari akabaila ematen zioten tenore berean. Guztietan ez zen jendetza bilduko, baina ni izan nintzenetan, bederen, aretoak ez zeuden hutsik. Eskaintza eskaera baino handiagoa ote den, aspaldiko kexua dugu euskal kulturan. Datu guztiek, dena den, ez dute hori berresten. Gure zokotik atera gabe, gogora ekartzeko modukoa da Navarra Arenako betekada bikoitza, egun guti batzuk lehenago, Berri Txarrak agurtzeko kontzertuetan. Hori, oraindik arrontik isilduak ez zirelarik Gayarre antzokiko txalo zaparradak, euskaraz bertan eskaini diren azken antzerki emanaldietan. Ez dugu Durangoren esperoan egon beharrik handi sentitzeko. Ni, bederen, hala sentitu izan naiz hiru-lau aldiz udazken honetan Iruñean berean. Ez da euskal kulturgileen bilkurarik negarrez bukatzen ez denik gure lanen harrera eskasaz. Nik neronek ez dut inoiz neure burua bridatu aieneka hasteko momentuan. Aitortu behar, hala ere, badirela argiak leizean. Euskarazko ekoizpenaren ugaritasuna, kalitatea eta aniztasuna agerian jarriko ditu, behin berriz, aurtengo uztak. Hartan, zeresana emanen du Nafarroako ekarpenak ere. Nahi baino mantsoago izanik ere, euskarazko kontsumoa ere goraka doa. Hori bizkortzea baino apustu estrategikoagorik ez du gaur egun euskarak.