erezi du gobernu hau sostengatzea?" Horrelako bukaera dute Administrazioan Euskaraz taldearen azken asteetako txio batzuek. Aurreko lerroetan, Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan egindako azken aldrebeskeria. Castejón dela. Mendigorria dela. Lezkairu dela. Euskararen balorazio eza dela, lanpostu publikoetarako oposizioetan (PSNk segitzen du euskara baztertzen eta ingelesa, alemana eta frantsesa lehenesten). Kolektibo horren hasierako mezuetan ez zegoen garbi delako galderak hartzaile jakinik ote zuen. Atzo argitu zuten, galdera-markaren ondotik Geroa Bairen eta Euskalerria Bilduren traolak gehituta. Nafarroan aritzen diren bi koalizio euskaltzaleek sentitu behar lukete, beraz, interpelaturik. Biak parekatzen ditu Administrazioan Euskarazek. Egiazki, ez dute biek erantzukizun bera. Uxue Barkos buru duen koalizioak lau kontseilari ditu María Chiviteren kabinetean; bakar bat ere ez Bakartxo Ruizenak. Txioaren egileak, hala ere, ez du ahantzi nahi ezker abertzalea PSNren gobernuari hasieratik ematen ari zaion laguntza. Are gehiago, apustu eginen nuke, haren hatza Bilduren alderago luzatua dela, Geroaren aldera baino; alegia, galdera, bereziki, Bilduri egiten diola: "merezi du?". Galdetze hutsak, hoberenean ere, duda du berekin. Areago, pentsa liteke ezezko erantzuna iradokitzen ari dela nola edo hala. Ez duela merezi, noski. Ez dakit Barkosek edo Ruizek nola ihardetsiko duten, ezta noraino sentituko diren eran-tzun beharrean ere. Iruñean bezala, Madrilen ere, PSOEren gobernu bat sostenga-tzeak horrelakoxe gauzak ditu, zuriak, beltzak eta kolore guztietakoak irentsi beharra. Kontu batzuk aitzina ateratzeko manera ere bada, dena dela. Eta presiona-tzeko aukera izatea, horretaz baliatzen jakinez gero. Agian ez da aski, baina inork alternatiba hoberik badu, erran dezala.