uskara da gure territorio libre bakarra". Zenbat aldiz txalotu izan dugun Sarrionandiaren errana, nahiz gutxiagotan gogoeta egin haren esanahiaz. Sumatzen ahal da Iurretako maisuak zer adierazi nahi zuen. Hitzez hitz hartuta, ordea, euskara ez da, benetan eta zinez, territorio librea euskal herritar frankorendako. Izatez, ezta euskaldun aunitzendako ere. Nire lagun batek -Andoni erranen diogu- 17 urtetan egin zuen aitatxi ultzamarraren mintzoa berreskuratzeko lehen saioa. Bertze batzuk gehiago etorri ziren unibertsitate garaian, baita bere bizi profesionalaren lehen urteetan ere, aitzinaldiak eta gibelaldiak tartekatuz. Helduaroan, ingelesari ere eskaini izan dizkio orduak. Batxilergoko frantsesa berreskuratzen ere egin du bere lana. Bietan guti aski molda-tzeak lagun egin dio lanbidean nahiz aisialdian. Halako ahaleginek, dena dela, ez diote euskara bazterrarazi. Urtez urte, modu asistematiko samarrean bada ere, handituz joan da bere jarioa, aberastuz hiztegia, zuzenagotuz sintaxia. Orain, 60 urteen bueltan, bizitoki aldaketa batek sendotu dio gaztedaniko konpromisoa. Euskaldunak ditu bizilagun gehienak, eta denbora gehiago, irakurtzeko eta irratia aditzeko. Udaz geroztik, behin baino gehiagotan harritu izan naute haren aitzinapenek. Belarriprestaren txapa darama egun hauetan, baina, gaia gailentzen ez bazaio edo nekeak menderatzen ez badu, ahobizi batzuek baino biziago dantzatzen du ahoa. Lehengo igandean, mutu utzi zuen iruindar talde zalapartatsu bat, Balerdiko bidea galdua zuena, Uztegi eta Azkarate artean. Gaztelaniaz egiteko erregutu behar izan zioten, minutu bateko jardunaren ondotik. Andonik ez du oraindik bere egiten ahal Sarrionandiaren errana, baina ederki ulertu du mendia izaten ahal dela euskaldunon lurralde libreenetakoa. Ez ahantzi, koronabirusak hainbertze herritar naturara bulkatzen ari den honetan.