arriturik gogoratzen dut albistea. Gabonetako kupo familiarra. Zenbakien dantzarekin gora eta behera, betiko moduan. Zenbat izango zarete zuek etxean? Nortzuk etorriko zaizkizue kanpotik? Zenbat jesarriko dira mahai horren bueltan? Gure gobernu txit ahaltsuak dio sei izan behar garela bazkaltzeko edota afaltzeko orduan, gehiagorik ez, eta ingurukoak hobe, kanpotarrik eta ez da onartu behar.

Albiste hori hartu zuen EITBk eta bestelako estiloa eta traza emateko gogoz, bertako esataria ikusi nuen arbela eta guzti, Gabonzahar egunean eta inguruko egunetako afal orduetan zenbat izango ote ziren jendeari galdezka. Eta jendeak errotuladorea hartu eta hala-moduzko laukizuzenean marrazten zuen osabaren, amamaren edota koinatua gorrotatuaren tokia, eta gero kontu friboloekin hasten ziren inolako lotsarik gabe: € Bada, honi esango diogu kalean gelditzeko€ Baaaaa amama non jesarriko dugu? Gasteizkoak ez dira aurten etorriko... Gu zazpi gara eta ez dut uste Udaltzaingoa etxean sartuko denik... Eta horrela. Zur eta lur lotu nin-tzen. Abstrakzio ariketa egin eta problematika hori benetan ulertu nahi nuen, baina ezin.

Eta buruan bueltaka hasi zitzaizkidan makina bat itaun. Hori al da albiste bat osatzeko modua? Edo areago, hori da albiste bat? Kontu hori albistegarria da? Hots, garrantzizkoak dira zer-nolako katramilak izango dituen populuak salbatu behar dugun Gabonetako otorun-tzak betiko moduan egiterakoan? Erridikulua iruditzen zait. Bizi ari garen esperpentoarekin horrelako albisteak osatzea hutsalkeria borobila iruditzen zait. Hori al da kontu inportantea tabernariak eta beste langile askok Gabon dontsuak nola pasatuko duten ez dakitenean, pandemia hondatzaile honek dena izorratu dienean? Askoren oinarrizko ekonomiak deuseztatu eta milaka eta milaka lanpostu desintegratu diren garai honetan, Gabonetako argiak eta afariak dira konturik interesgarrienak? Ez ote da fribolitate hutsa, geure zaurgarritasunaren erdian, horrela mintzatzea? Eta benetan, hain beharrezkoa da garai honetan familiar guztiak juntatzea, guztiok babestu behar garenean?