spainiako demokrazia osoan/betean hartu den azken erabakietako bat zera izan da: Roger Torrent joan den legegintzaldian Kataluniako parlamentuko presidente zena eta mahaiko gainontzeko kide subiranistak auzitara eramatea; Kataluniako fiskaltzak hori erabaki du Parlamentuak legez kanpoko bi ebazpen onartu zituela argudiatuz, autodeterminazio eskubidearen aldeko bat eta monarkia gaitzesten duen beste bat. Gauza da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak demokrazia osoz/betez debekatu ziola parlamentuari "bide orri independentista garatu" lezakeen edozer eztabaidatzea. Demokrazia osoak (beteak, piperrak bezala?) horrelakoak dira: eztabaidak ere debeka daitezke. Ni liluratuta nago demokrazia osoaren/betearen kon-tzeptuarekin. Egia esan, Espainiako Erresuman erabiltzen den hizkera politikoa dela eta, tesi mordoa egin daitezke: normaltasun demokratikoa, trantsizio eredugarria ("modélica"), demokrazia sendotua ("consolidada"), demokrazia osoa/betea ("plena") eta abar erronka dira politologo zein itzultzailearentzat. Nigan oroitzapen urrun lausotuak esnatzen dira demokrazia hitzari adjektibo horiek guztiak gainera-tzen dizkiotenean, zeren txikitan "Formación del Espíritu Nacional" deitzen zen irakasgai batean ikasi egin behar bainuen bazirela demokrazia ez-organikoak (txarrak) eta organikoak (onak), eta Espainia demokrazia organikoa zela. Nik kimikarekin nahasten nuen dena, kimika organikoa eta kimika ez-organikoa bazirela ari bainintzen ikasten aldi berean; kimikarenari logika ikusten nion bitartean (kimika organikoa karbonoarena da), demokrazia organiko/ez-organikoarena ez nuen uler-tzen. Baina berdin zion, hor ez geunden ezer ulertzeko (era berean, Espainia erresuma zela baina erregerik ez zegoela uler-tzea zaila zen), buruz ikasteko baizik. Agian ez dugu zertan ulertu behar demokrazia osoarena/betearena, onartu egin beharko dugu, buruz ikasi, eta gero azterketetan, hau da, tertulietan, hedabideetan, demokrazia osoarena/betearena errepikatu hitzez hitz, ezer ahantzi barik, nota ona eta, beraz, beka, onarpena, lortu ahal izateko. Bestela, badakizu, idatzi biharko ehun aldiz "gurea demokrazia osoa da, oso-osoa". Edo betea, bete-betea, hutsez betea.