z zaizue inoiz gertatu? Bat batean zure inguruan dauden guztiak, zu barne, umetan zineten bezalakoak ikustea? Niri askotan gertatzen zait. Norbait bere hitz, jarrera, erantzunekin poliki biluzten hasten denean, benetan nolakoa den sumatzen hasten naizenean, bat batean ikusten dut txikitan, imajinatzen dut nolakoa zen eskolan, ze rol betetzen zuen klasean: pasilloko bazter batetik bakarrik ibiltzen zen ikasle on eta lotsatia zen, edo gelako guztiak beldurtuta ta mehatxatuta zituen alfa arra, edo jendartean beti graziaren bat egiten zuena, edo neska edo mutilen artean popularrena zena€

Norbait ezagutzen hasten naizenean, txikitan nolakoa zen imajinatzen saiatzen naiz, izan ere, badakit haren esentzia han dagoela, nahiz eta adinarekin bere burua dekoratu, mozorrotu, tuneatu duen. Badaude, adibidez, gaur egun boterea duten pertsona batzuk txikitan jasan zituzten irain eta tratu txarrengandik mendekua hartzen ari direnak, euren azpian daudenak gaizki tratatuz, eurak tratatuak izan ziren bezala. Pertsona arriskutsuak izaten dira. Sufrimendu asko daramate gainean, eta ematen du txikitan sekula aitortu ez zitzaien balioa erakutsi nahi diotela munduari. Zentzu horretan, kontuan izan behar dugu gaur egun haur batek bullynga jasateak ez dituela ondorioak pertsona horren ume bizitzan bakarrik, aldiz, bizitza osorako marka uzten duela halako tratu txarrak jasan izanak. Bai norberaren bizitzan eta bai ingurukoen bizitzan ere.

Bizitzan zehar pertsona diferente asko izaten gara, aurpegi ezberdin asko erakusten ditugu, eta une batzuetan ez dakigu ezta nor garen ere. Horrelako egoera heltzean, agian, ondo dago atzera begiratzea, eta gogoratzea nolakoak ginen txikitan, eskolan, nolako harremanak genituen gure eskolakideekin, nola hitz egiten genuen gure anai-arrebekin, gure gurasoekin€ Bizitzak asko aldatzen gaitu, baina gure esentzia hor dago, batzuetan ezkutu-ezkutuan, baina hor barruan dago, txikitan genuen ahots hartan.