Zirrikituetatik begira

Burla

08.04.2021 | 01:10
Burla

Bourla abizen bat da. Abizen horri o bokala kenduz gero, burla geldituko litzakete, iseka, trufa, burlatze, euskaraz. Eta hala dirudi, burla elegantea erraz antzematen baita.

Badakizue norena den Bourla abizena? Nik esango dizuet, Pfizer enpresaren zuzendariarena: Albert Bourla, duela gutxi munduko pertsonarik aberatsenen zerrendan sartu dena. Pandemiaren eskandaluari esker, eta kapitalismo agresiboenari esker, farmazeutiken diru-irabazi galaktikoak infinitura eta harago heldu dira, eta ez du ematen diru iturri hori agortuko denik.

Europa Batasunak diru kantitate estratosferikoak gastatu (edo inbertitu?) ditu balizko txerto salbagarrian, bere ikerkuntzan, bere produkzioan, eta zenbait kasutan makina bat hobari fiskalak eskaini dizkie enpresa handi horiei Europan egoteagatik soilik, nolabaiteko lehentasuna lortzeagatik. Beste era batean esanda, diru publikoarekin finantzatu dira ikerketa, garapena eta ekoizpenerako gaitasuna, baina azkenean jabetza makroenpresarena da. Eta gainera, gero, gerokoak. Kontratuetan ez omen zen gardentasuna gailendu zena, eta farmazeutikok ez dute hitza bete, eta balizko azpikeriatan ibili dira.

Halarik ere, burtsan ateratzen dituzten akzioak saltzean, berehala lortzen dituzte irabazi izugarriak, milioiak eta milioiak. Hortaz, gobernuek sosa ematen diete txertoa ekoizteko, eta gainera, sekulako irabaziak poltsikoratzen dituzte, tartean, bertako zuzendari, presidente, zuzendariorde eta abarrek ere.

Eta patenteak? Horrelako jabetza ezin da publikoa izan? Akaso Kuba herria ez da adibide ona? Bere txertoa publiko eta nazionala da normaltasun osoz. Baina ez, lehen mundu honetan negozioaren distira eta onura ekonomiak lehenesten dira. Hortaz, egoera horren arrazoi bakarra, gizartea mendean hartzeko estrategia globala da, gero eta oihartzun handiago hartzen ari dena garai hauetan, gure zaurgarritasuna ere globala den garai hauetan.

Oligarkiak bere horretan iraungo du urte askotarako, nekez botako baita kapitalismo neoliberalaren harresi antolatu eta baimendua.

Más información