spaldian ikusten ez nuen ezagun bat topatu dut kalean. Zermoduzka aritu gara, baina askatasunaz min-tzatzen hasi zait berehala: ezin duela askatasun falta hau jasan, ez dela aske senti-tzen, askatasuna kendu digutela eta abar. Harritu nau diskurtsoak (hortik entzuten diren beste batzuk etorri zaizkit gogora), eta galdetu diot ea zertan nabari duen berak zehatz-mehatz askatasun faltarena: Ezin kalera gauez atera? Ezin bidaiatu? Ezin taberna batean lagun askorekin bildu? Maskara derrigorrez eraman behar? Ezetz. Sentsazioa dela batez ere. Banengoen ni, ezaguna ez baita inoiz oso gautxoria izan, ezta oso bidaiazalea ere. Askatasunaz modu abstraktuan hitz egiten segitu du. Ez diot ulertu. Niretzat askatasuna ariketa bat da batez ere, eguneroko praktika bat, lo-tzen gaituzten kate begi-bistakoen eta ikusezinen aurkako borroka etengabea. Ezaguna ez da inoiz markatutako ildoetatik atera behar izan; esango nuke ez dela inoiz askea izan, behar ez zuelako. Agian oraintxe hasi da zerbait sumatzen.

Askatasunetik txertaketara jauzi egin du: txertoa hartzeko eskubidea guztiok dugula (ados), baina txertoaren marka aukera-tzeko eskubidea ere izan beharko genukeela, estatuak ezin diola berari marka hau ala bestea inposatu (inposatu aditzaren erabilera erdiragarria iruditu zait). Norberaren osasunaz eta osasun publikoaz zerbait esaten hasi naiz, baina ni-nik-niri-nire-niretzat hitzezko meta bat erori zait gainera. Askatasuna berriro ere. Neoliberal sutsuena txiki geldituko zen nire ezagunaren ondoan. Asko tematu ondoren, azkenean askatasun faltaren adibide praktikoa eman dit: "Begira, ordu honetan ezin gara taberna batera sartu zerbait hartzera". Terraza proposatu diot, proba egiteagatik, gogoz kontra, inoiz baino zuriago. "Ez. Hori inposizioa da". Berbatxo madarikatua, berriz. Indibidualismo neoliberalak egiten ari den kaltea ez dago oraindik ondo neurtuta, apurka-apurka zirrikitu guztietatik ari zaigu sar-tzen.

Agurtzerakoan eskertu dut ukitzearen aurka dagoen gomendioa: ez musurik, ez besarkadarik, ez bostekorik.