andemiaren garaian balkoiak komunikaziorako, adierazpenerako eremu berriak bihurtu dira. Gogoratzen dituzue zer-nolako espektakuluak egiten zituten herritar batzuek, ezta? Batzuentzat espioitzarik xelebreetan eta diktatorialean aritzeko plaza-gune bilakatu ziren, beste batzuentzat antzoki, oholtza, eta gimnasio, bai eta enamoratzeko toki, dantza-gune, ezkontzak egiteko espazio, seme-alabekin jolasteko parke, edota pintura-galeria ere.

Balkoiak ikusmira berriak lortzeko amildegi bikainak edota etxea presondegi bilaka-tzeko azken leiho itxiak ere izan daitezke.

Asteotan, talibanen jarduteko moldeak estonatu gaitu osorik. Egunero mintzatzen da hedabide guztietan bertako giroaz eta bertako gizarteak pairatu beharko duen infernuaz. Eta gai horien artean emakumearen figura azaltzen da, horiek izaten dira ardatz, denak, salbuespenik gabe, erlijioaren pisu deitoragarriak zapaldu dituen errugabeak izango baitira beste behin.

Duela egun batzuk, Afganistango Emakume Iraultzaileen Elkarteak lege islamikoak emakumeei debekatzen dizkien kontu guztiak argitaratu zituen. Ni irakurtzean zur eta lur lotu nintzen.

Badakizue herrialde horretan emakumeek ezin dutela euren etxeetako balkoietan burua agertu? Hemen balkoiak espazio librearen sinbolo bilakatu diren bitartean, han ikustoki bikainak izatetik desertu ilunak izatera pasatuko dira berriz. Eta ez da hori gehien harrituko gaituen gehiegikeria, izan ere beste batzuk brutalak dira: ezin dute ezer ere egin gizonezko batekin lagundurik ez badoaz; gizon sendagile batek ezin ditu artatu; ezin dute ikastetxeetan edota unibertsitateetan ikasi, eta burka eraman beharko dute, beti ere kolore ez bizietan; ezin dute barre egin modu nabarmenean; ezin dira taxi, bizikleta edota motor batean joan; ezin dira komun publikoetan sartu; ezin dira gizonekin batera autobusetan bidaiatu; ezin dute kirolik egin; ezin dira telebistan edota irratietan agertu; ezkontzatik kanpoko harremanak izanez gero harrika hilko dituzte; eta aurreko guztiak ez gordetzeagatik jipoiak jasango dituzte, bai eta orkatilak ez tapatzeagatik ere.

Balkoetan geranioak jartzen ditugu, eurek zer jarriko dute?