ezkuntza gauza serioa da, batez ere mundu zabalean nor izaten jarraitu nahi duten herrientzat. Hezkuntza politikak kalifikatzeko orduan euskal hezkuntzaren argazkia ez da lotsagarria. Esaterako, eskola-uzte goiztiarraz bada, EAEko ikasleen %4,8ak egiten du kale, Europan %10ak eta Espainiar Estatuan %13ak; gainera, bi urteko haurren %94a daukagu eskolatuta eta Estatuan % 65aren inguruan dabiltza. Datu okerragoak ere baditugu, tartean artikulu bat eta gehiago eskatzen duen segregazioari buruzkoak.

Etxe barrura begira 2020-21 ikasturtean euskal ikasleen 74,5ak USE euskaraz egin eta %99,08ak gainditu zuen; gaztelaniazkoak ere ez ziren oker atera, %96,5ak gainditu baizuen. Halere, handikeriarik ez, asko baitago hobetzeko. Kontua da izenburu lodiak albora utzi eta oinarrizko gaiak finkatzea, hobekuntza-esparruak egokiro landu eta ondorio emankorrak lortzeko.

Zein da ortzi-muga? Ikasle guztiek kalitatezko heziketa jasotzeko duten eskubidea bermatzen joatea. Ikasleak dira sistemaren erdigunea eta printzipio nagusi horren inguruan jardun behar dute gainerako osagai guztiek, pertsonek, zerbi-tzuek eta azpiegiturek. Denak behar ditu lagun ikasleriak.

Itunaren aurrekarietan gara. Hezkuntza Saileko arduradunak ehundaka hezkuntza -eta gizarte- eragilekin bildu dira eta horretan jarraitzen dute, entzute aktiboa erruz landu eta kezkak, arazoak, erronkak eta proposamenak partekatzeko ahaleginean. Alderdiekin zein sindikatuekin ere dihardute hezkuntza politika demokratikoaren printzipioak eta irizpide nagusiak kontrastatzen. Legebiltzarrak duela hiru hilabete eratutako ponentzian ehun bat pertsona eta erakunde adituk egin dituzte ekarpenak. Benetan partehartzailea den prozesu honek eskatzen du heldutasunetik erantzutea, hots, eztabaida antzuetatik ihes egin eta, adostasunen bila, norbere iritziak plazaratzea. Horiek dira giza-partehartzearen erregelak. Sakona da erronka eta denon esfor-tzua eskatzen du. Bakoitza bere lekutik abiatuz baina denona.