aur bi urte eta egun bat bete dira lehen alarma-estatua dekretatu zenetik Covid-19 delakoaren osasun-krisiaren ondorioz, gure historia hurbilean aurrekaririk ez duena: egun batetik hurrengora Gobernuak agindutako derrigorrezko konfinamenduak sartu gintuen etxean, pentsaezina, nork imajinatuko zukeen... Ordurarte ezezaguna zen birus batek mundua hankaz gora jarri zuen, pandemia bat, milaka eta milaka hildako, beldurraren eta harriduraren olatuak eta erantzunik gabeko galdera asko eraginez. Bi urte geroago, egindako ahalegin guztien eta txertaketaren esker koronabirus-krisia kontrolpean dagoela sinistu nahi dugu, ikusiko. Dena den, ‘normaltasun’ deritzonera itzulera ez da oraindik iritsi, ez da gertu dagoenik ere. Bi urte luzez osasun-alerta jasan ondoren, jarduera ekonomikoa ia-ia geldiarazita eta oraindik tentsioan eta konponbideen zain dagoen gizartearekin, hau berez nahikoa ez bada, mundiala izateko gutxi falta zaion gerra baten atarian gaude orain. Ezinbestean okerrera egiten ari den egoerak -15 egunetan soilik milioika errefuxiatu-desplazatu eta ehunka hildako izan dira- baikortasunari edo itxaropenari tarte handirik ez digu eskeintzen. Horregatik, nahastuta sentitzen naizela aitortzen dizuet, ea egun hauetan ikusitakoak eragin eta sentiarazi nauen kontraesana azaltzen lortzen dudan... Egunero, etengabe, iristen diren Ukrainako gerraren izugarrikeriaren irudien aurrean ezinezkoa da mina, amorrua eta ezintasuna ez senti-tzea. Ba, errudun sentiarazteraino astindu nauena beste irudi oso desberdin bat izan da. Zera, Herman Makarenko maisu famatuaren zuzendaritzapean Kieveko Orkestra Sinfonikoko musikariez ari naiz bakearen aldeko kontzertua eskainiz Maidan Plaza enblematikoan, orain barrikadaz inguratuta. Edota Odessako Operako musikariek eta kantariek Verdiren Nabucco-ko ‘Va, pensiero’ ospetsua kalean abestuz, gaur ere aberri-duintasunaren aldeko ereserki bihurtua: ‘Mia Patria/si bella e perduta!’ Musikaren eskutik, askatasuna. Garaipena akaso.

Malkoetaraino hunkituta.