001. urteko urrian, Gilbert Gottfried komikoak New Yorkeko dorre bikiei buruzko lehen txiste publikoa egin zuen, erasoa izan eta aste gutxira, New Yorken bertan. Friars club ospetsuko entzuleek ez zuten ongi hartu, txistuka eta oihuka hasi zitzaizkion umoregileari: goizegi duk! Monologoaren gaia aldatu behar izan zuen. Gottfriedek berak beste txio polemiko ba-tzuk idatzi zituen Japonian 2011n izandako tsunamiaren ondoren: "Japoniar hauek oso aurreraturik daude; beraiek hondartzara joan beharrean, hondartza etorri egiten zaie." Zentzu betekoa da Friars clubeko en-tzuleen erreakzioa: goizegi da! Izan ere, denbora funtsezko faktorea da mina eragin duten gertakariak umorerako baliatu ahal izateko. "Zer da umorea? Tragedia gehi denbora", idatzi zuen Mark Twainek, XIX. mendeko idazle, hizlari eta umoregile estatubatuarrak. Texaseko unibertsitateko talde bat, berriz, ondorio honetara iritsi zen Sandy hurakanaren ondorengo txioak aztertu eta gero: jendeari ez zitzaizkion dibertigarriak iruditzen tragedia osteko lehen hamabost egunetan eginiko txantxak; txisteek 36. egunaren ondoren izan zuten arrakastarik handiena; 100 egun igaro eta gero grazia galtzen hasi ziren.

Komiko, monologista, gidoigile, bertsolari... asko dira umorearen muga lausoetan zehar ibili behar izaten dutenak, edo ibiltzea hautatzen dutenak. Izaten dira txantxa jostariak: "nola esaten da euskaraz 'de Guatemala a guatepeor'? Eibartik Ermura." (Antton Telleria, umoregilea) Izaten dira garratzak: "zure andrea ezkondu zan ta / ez zuan hartu gizonik" (Txapel, bertsolaria) Izaten dira irristakorrak: "Pinkett Smith, maite zaitut. O'Neil tenientea 2 filmean ikusteko irrikaz nago". (Chris Rock, komediantea) Eta baita muga lausoez harago kontzienteki jotzen dutenak ere: "alegiazko drama bat konta dezaket down sindromea izan eta sexu-abusuak jasan dituen neska bati buruz, baina ezin dut gaiaz txisterik egin, hura ere alegiazkoa izan arren. Badakigu non dauden umorearen mugak -epaitegietan-, baina ez non dauden dramarenak." (Ane Lindane, monologista)

Zola labainean laprast egiteko arriskua du zolienak ere, behin eta berriz berariaz sar-tzen denak bereziki. Umoreak askea behar du, baina inoiz ez du muga lauso hori ahan-tzi behar, algararen eta zaplaztekoaren artekoa.