PARAÍSO izena du Maddi Barber (Lakabe, Nafarroa, 1988) eta Marina Lameiro (Iruñea, 1986) zinemagileen azken lanak. Hil hasieran aurkeztu zuten Gasteizen, Artium Museoaren Z aretoaren ekimenaren harira eta uda osoan zehar egongo da ikusteko aukera.

Nafarroan, Artzibarren, bada XX. mende amaieran hustutako herri bat: Lakabe. Hamarkada batzuk beranduago, proiektu komunitarioan eta autogestionatuan, herriari bizitza eman zioten berriz hainbat biztanlek. 1980ko hamarkadan, herri inguruan pinudia landatu zuten, Paraíso inguruan, garai batean soroak izan ziren gunean. Orain, berriz, pinudia botatzeko proiektua abiatu dute herritarrek, soroak berreskuratu asmoz. Hain zuzen, zinema-zuzendari nafarren azken lanean herriko jendearen ikuspegietatik bildu nahi izan dute prozesua.

Zer beharretatik jaio da 'Paraíso'?

-Marina Lameiro: Elkarrekin Volex kamera bat erosi genuen orain dela bizpahiru urte, eta Javi Aguirre zinema zuzendariak iraungitako film lata batzuk oparitu zizkigun. Aspaldi nahi genuen elkarrekin zerbait egin, eta beste ideia batzuk izan genituen arren, Maddiri Lakabeko pinudia moztuko zutela esan zioten. Hala bada, zerbait egitea pentsatu genuen. Gerora, Artium Museoko Garbiñe Ortega komisarioak Z aretoaren berri eman, eta filma egiteko proposamena egin zigun.

Film berezia da hau, formari dagokionez, ezta?

-Maddi Barber: Batetik, Javi Aguirrek emandako lata horiekin grabatu dugu, 16 milimetrotan. Baina bestetik LiDAR izeneko teknologia erabili dugu. Azken hori hiru dimentsiotako irudiak lortzeko erabili dugu, eskaner modukoa da. Bi irudi mota horiek uztartuta osatu dugu Paraíso. Guretzako ere berria izan da, eta oso polita izan da prozesua, nola nahastu ditugun irudi motak eta hortik atera dena ikustea.

Ohiko filmetatik aldenduta ere, beraz, eroso.

-M.B.: Uste dut ez dela berria gure filmografian. Beti saiatu izan gara aldentzen. Film honi ez diogu esaten dokumentala denik, ez dakigu oso argi zer den. Dokumentala ez da, ez duelako leku baten historia kontatzen, modu konbentzional batean, behintzat. Gu saiatu gara ikuspegi desberdinak eta teknika desberdinak erabiltzen, eta leku hori grabatuta. Ez dugu espero jendeak ikusi eta mezurik uler-tzea. Ez dago mezurik, beste zerbait delako: sumatzen den zaintza edo maitasuna transmititzea, agian.

Hau al da elkarrekin aritzen zareten lehen aldia?

-M.B.: Hau da elkarrekin zuzentzen dugun lehendabiziko lana. Egin izan ditugu lanak elkarrekin lehenago ere, adibidez: Iruñeko Udalaren enkarguz, Nombrar mujeres en Pamplona proiektuan parte hartu genuen Emiliana Zubeldia eta Carmen Baroja emakumeei buruz; Arantza Santestebanen 918 gau filmean; nire film batzuetan Marinak parte hartu izan du, edota nik neuk Marinak zuzendutako Dardara filmean ere parte hartu nuen. Kolaborazioa ez da berria, baina berria da sorkuntza gisa. Gureak diren proiektuetan, hau da egiten dugun lehenengo lana.

Eta nola moldatu zarete elkarlanarekin?

-M.L.: Egia esan, dena oso erraza izan da. Denak ongi funtzionatu du. Oso natural, esango nuke.

-M.B.: Polita dena da, erantzukizuna ere konpartitzea. Askotan, filmak egitean, zu bakarrik zaude prozesua aurrera atera nahian. Beste norbatekin, berriz, lana banatzen da, baita erabakiak ere. Horrek dena mantsoagotzea ekar dezake, baina Marina eta biok oso ongi konpondu gara: ez gara biak gauza berdinetan egon, bata soinuarekin eta bestea irudiarekin, eta gero muntaian eta erabakietan batera.

-M.L.: Proiektu bat aurrera ateratzea oso neketsua izaten da, eta modu honetan, dena konpartitzen da, baita elkarrizketak ere.

Z aretoan, filmaz gain, erakusketa batekin osatu duzue proposamena. Zer topatuko dute bertaratzen direnak?

-M.L.: Filma bera areto berezi batean egongo da, eta alboko areto txiki batean, filmeko elementu garrantzitsu batzuk: badaude zonaldeko mapak, Maddiren ahizpak inguruko loreekin egindako herbarioak, eta mikrofono batekin basoan grabatutako giro-soinu desberdinak.

-M.B.: Sala horrek, beraz, testuingurua emateko funtzionatzen du, eta, bestetik, filmak erakusten duena handitzeko ere balio du.

Kritikaren arabera, heriotzak eta bizitzak bat egiten duten proiektua da 'Paraíso'. Hala da?

-M.L.: Egia da filma pinudiaren desagertzearen aurreko jarraipenaz. Normala da, beraz, heriotzarekin lotzea. Guk egin nahi izan duguna da, ez bakarrik hori erakutsi, baizik eta zi-klo moduko filma egitea. Pinua botako dute, baina gero beste zerbait etorriko da. Guk bizi-tzaren eta heriotzaren arteko hori egin nahi izan dugu. Ezer ez da desagertzen, formaz aldatzen da.

-M.B.: Ikasi dugu mugak ez direla horren zurrunak. Orain dela ehun urte leku horretan ez zegoen pinudirik, soroak eta laborarien-tzako lurrak zeuden. Gerora pinudiak egon dira, eta orain, berriz soro horien antzinako erabilerak berreskuratu nahi dituzte. Horrek aukera eman digu pentsatzeko hemendik beste ehun urtera zer egongo den soro horietan eta nola erabiliko dituzten. Eta, beraz, ikusten dugu ez dagoela bukaerarik, aldaketa da gertatzen dena.

Inguruko bizilagunen laguntza izan duzue, ezta?

-M.B.: Badira Paraísoko lurren berrantolaketan lanean ari diren hainbat herritar eta parte hartu dute. Herriko umeek ere asko lagundu gaituzte. Begirada desberdinetatik gerturatu nahi genuen, eta herriko hainbati proposamena egin genienean, pozik onartu zuten. Gainera, filma ikusi dute eta kontent geratu dira.

Filma estreinatuta dago, baina Lakabe inguruetan zabiltzate oraindik. Jarraipena emateko asmotan zabiltzate?

-M.L.: Hasieratik proiektuari jarraipena egiteko asmoa genuen. Uda honetan hasi dira pinuak mozten, eta filma orain dela aste ba-tzuk Artiumen aurkeztu genuenean, hori gertatu gabe zegoen oraindik. Baina, jakin bagenekien jarraipena izango zuela: Paraíso 2 edo. Egia esan, ez dakigu ez izena ezta ze eduki edo forma izango duen ere. Pieza hau eta hurrengoa diptiko modura ulertzen ditugu, hala ere. Baina baliteke bi filmak batera jartzea edo bi laburmetraia desberdin egitea. Edonola ere, udan filmaketarekin jarraituko dugu, pinuak bota dituzte eta orain [elkarrizketaren momentuan] basozainek neurketak egingo dituzte. Gu bertan izango gara, herriko jendearekin prozesu horiek guztiak grabatzen.

Irailaren 22ra arte egongo da Artium museoan ikusgai, eta gero?

-M.L.: Momentuz zinema jaialdietara bidali dugu eta hautatua bada, gustu handiz joango gara horietara ere, noski.

-M.B.: Filma bukatu berri dugu, eta oraindik banaketarekin ez gara gehiegi jarri.

-M.L.: Bigarren partearen grabaketan murgilduago gaude. Zuhaitzak eraisten ari dira orain, eta beste bi edo hiru hilabete horretan arituko dira, beraz, gu ere horretan gabiltza buru-belarri.

Zuen karrerei erreparatuta, Marina, 'Dardara' dokumentalaren ostean, aurten aurkezten duzun bigarren pelikula da honakoa. Maddi, zuk iaz 'Gorria' kaleratu zenuen, bi urtean, bi film, ez da gutxi. Dagoen egoerarako, nola bizi duzue zuek?

-M.L.: Nire esperientziatik hitz egin dezaket eta oso gustura nabil filmak egiten. Zorionez, horretan lan egitea posible dut. Panorama orokorrean, badakit jende asko ezinean dabilela, baina ez da nire kasua, nahiko pozik nago.

-M.B.: Azken urteetan nire lana beste lan ba-tzuekin bateratu dut, aurrera ateratzeko. Ardura hor dago, izan ere, zinemaz bakarrik ezin dut bizi, eta sostengarri izateko beste gauza batzuk bilatu behar izan ditut: irakaskuntzan, ikastaroak ematen, beste proiektuetan modu desberdinetan parte hartzen, dela argazki zuzendari modura, dela muntaian. Horretan nabil.

-M.L.: Gure filmetatik soilik bizitzea ezinezkoa da. Badira guretzako diru handirik suposatzen ez duten proiektuak, gure modura grabatzen ditugunak, aurrera atera ahal izateko€