Uztaila edo abuztua izan ohi zen. Udako enbatarik ez bazuen jotzen, normalean beroa egiten zuen. Zorua hondarrezkoa izaten zen eta itzala ematen ziguten zuhaitzak pinu altu eta txapeldun horietakoak ziren. Luzea bezain aspergarria egiten zitzaidan bidaia horietako baten ostean, kanpinera iristen ginen. Une horretan, azken orduetako monotoniaren ostean, familia piztu egiten zen eta partaide bakoitzak bere eginkizuna garbi zuelarik, lanari ekiten genion. Nire ama furgonetatik kutxak atera eta sukaldea izango zen kanpin denda txikiaren alboan trasteak antolatzen jartzen zen. Nire aitak, izerditan blai jada, kamiseta kendu eta garagardo trago baten laguntzarekin orga-dendaren muntaketa astunari ekiten zion. Oihal lodiko denda urdina ez zen katedral bat, baina bere eraikuntza ez zen txantxetakoa. Horren aurretik baina, orgaren gainetik bizikletak jaitsi eta nire arrebari eta niri gure eginbeharra gogorarazten ziguten: “segi, segi kanpina esploratzera!”.

Oroitzapen kuttunen txokoan ditut gordeak halako uneak. Ezezagunaren lanbroa argitzeko, bizikletaren pedal kolpeen argi izpiak baliatzen ikasi nuen une berezi horiek. Lehenik eta behin noraezean joaten ginen, kanpinaren tamainaz ohartu eta ea non kokatuak ginen ulertzeko asmoz. Kanpineko bide sigi-sagatsuei jarraika, pinuen sustraiek altxaturiko koska traidoreei adi egoten ginen. Jarraian benetan garrantzitsua zena aztertzeari ekiten genion. Igerilekua non zegoen eta zein zen ordutegia. Bazter guztiak arakatu ostean gurasoenera iristen ginen eta askatu berria izan den zakur bat baina aztoratuagoak, gure bidaiaren bitakora koadernoa azaltzen genien lan eta lan jarrai-tzen zuten gurasoei. Zenbat abentura eta txoko misteriotsu topatzen genituen gure esplorazio txangoetan!

Indonesiako Bali uharteko bidexka batean

Oihalezko katedralari azken iltzea jarri ostean, aitari sartzeko gorriak eta bi ikusaraztez zizkion azken iltze madarikatu hura, tripa zorriak pizten zirenez, ogia eta kutixiren bat erostera joaten ginen arreba eta biok. Bizikletan, nola ez. Ez dut uste inoiz kanpin batean oinez bost metro baina gehiago egin izan ditudanik gaztetan. Buruz ikasiriko anbaget sibuple eta katre kruasan sibuple esan, eta pozarren itzultzen ginen gure txokora, bizikleta joan etorrietarako ez ezik, behar ezberdinetarako erabili daitekeela ulertuta. 

Nerabezaroa iritsi zen eta kate guztiak apur-tzeko nahia berarekin. Zorionez katebegi bat ez zen guztiz apurtzera iritsi eta berari tiraka topatu nuen gazte garaian falta izaten den arnasa. Aitak eraikitako orga txiki bat bizikletari lotu eta txikitan ezaguturiko Landetako bidegorrietan gora, ingurua ezagutzeari ekin nion. Esploratu beharrekoa kanpineko langatik haratago bazihoan ere, déjà vu bat izan nuen Aturri ibaia igaro bezain laster. Irrika berezi batek gorputza astindu zidan, txikitan kanpinean sentitu ohi nuen askatasun sentsazio berdina piztuz. Bidaia hura udako ekaitz batek nire kanpin denda txikitu ostean gurasoei erreskate deia eginez amaitu bazen ere, geroztik inoiz askatu ez den lotura bat gauzatu zen bi gurpilekin.

Frantziako Dordogna eskualdean, herritxo batera bizikletaz heltzen. Argazkian, Johannes, bidean egindako laguna.

Esperientzia onaren hauspoak, urrunago, ezezagunago eta zailagoak izan zitezkeen bidaiak egiteko gogoa piztu zuen nigan eta geroztik mapa bat begiratzen dudan bakoitzean, kolore ezberdineko lerroetan zehar pedalkadak emateko bulkada sentitzen dut. Bidaiak mapei begira hasten dira, pedalei eragiten gauzatu eta lerro hauek idazten berriz bizitzen ditut.

Gauza asko erakutsi dizkit bizikletaz bidaia-tzeak, baina batez ere jendearekin gertuko kontaktua izateko bide ezin hobea dela. Ez baita berdina 50.000 euroko furgoneta batekin iristea herri txiki batera, edo, nahiz eta bere sosak kostatu, norberaren izerdiarekin dabilen gailu batean iristea, gauza justuekin, luxu mugatuekin. Hamaika etxetako ateak ireki dizkidate, udal instalazioak eta baita monastegiak ere, eta oso gutxitan eskatu izan dut, ia beti eskaini egin izan zait. Modu honetan, bidaia hasi aurretik mapari begira imajinatzen nuen ibilbideak bizia hartzen du. Soilik herriak, naturaguneak eta mendi lepoak agertzen ziren paperak jendez betetzen dira, eta bertan azaltzen dira Johannes, Orsolya, Benjamin, Milan edo Kathrin bezalako pertsonak, laguntzako prest, elkarrizketa interesgarri bat eskaintzeko prest, bidaia aberasteko prest, azken finean.

Urteak ez dira alperrik igarotzen baina, eta o-rain ni naiz nire semea pedalik gabeko bizikleta txikian jarri eta esploratzera animatzen dudana. Orduan ez nekien, baina orain badakit bultzada txiki horrek martxan jartzeko abiadura eman ez ezik, hegalak ere ematen dizkiola, esperien-tziaz ikasi baitut askatasuna bizikletaz doala.