Gartxot Unsain, Borja Iriarte, Xabi Arratibel, Itzal Uranga eta Ander Xabier Tejada dira Bananas taldeko kideak. Aurretik, Madeleneine, Adrenalized, Hyedra, Cohen edota Yaw taldeetan aritu dira, eta 2018an abiatu zuten proiektua gainerakoak alboratu barik. Irla isolatua bailitzan jaio zen Bananas 2018an Azal bat, urdina EPa kaleratu zutenean.

Denborarekin, ordea, sendotu egin da proiektua, eta sortzen segitu du taldeak. Hain zuzen, 2024ko martxoan zazpi kantuz osatutako biniloa ondu dute: Errekak Nola (2024, autoekoizpena). Sentimenduei, ahuskortasunari, transmisioari… kezken sorburu diren gai sakonei heldu diete bananastarrek, betiere ikuspuntu pertsonaletik. Gartxot Unsain (Donostia, 1987) abeslari eta letren egileak kontatu dizkigu lanaren nondik norakoak. 

Martxoaren 22an argitaratu zenuten Bananasen bigarren lan luzea, taldearen hirugarrena: ‘Errekak nola’. Nola sentitzen zarete behin lana kaleratuta? 

Kaleratzeak baino, grabazio artekoak definitzen du guk abestiekin izandako harremana, bizirik eta aldakor egon baita kantua momentu hartaraino, forma har-tzen; norbaiti entzun nion grabazioak abestien hileta moduko bat zirela, behin grabatuta, horixe delako geratzen den argazkia. Eta orain argazki bilduma erakustea toka-tzen da.

Euskarri fisikoa bai, euskarri fisikoa ez. Pil-pilean dagoen eztabaida izan arren musikagintzan, literaturan, prentsan… zuek, baina, biniloak plazara-tzeko hautua egin duzue.

Talde bezala guk ez dugu eztabaida hori bizi. Guretzat edizio fisikoa, lagundu diguten zigiluekin harremana landu eta, modu erromantikoan, zure diskoaren erakusle ukigarri hori izatea da, baina, horrez gain, bada prozesuan egindako inbertsioari buelta emateko bidea ere. Edizio fisikoak zeresana zuen garaikoak gara, eta horrek ere izango du zerikusirik. 

Bestalde, biniloak pre order-ean eta edizio mugatuan jarri dituzue eskuragarri. Sortzea bezain garrantzi-tsua bihurtu da saltzea? 

Nik ezberdinduko nituzke, batetik, saltzea helburu, sortzea erabaki dutenak, eta bestetik, sortzen irauteko saltzen dutenak. Hegemonia mantentzeko saiakera eta bizirautea ez dira gauza bera. Nik argi dut fokoa eta argia ez direla gauza bera, artisaua eta saltzailea berdina ez diren moduan. Nork koka dezala bere burua nahi duen tokian.

Bost zarete taldean, denak ere aurretiazko ibilbide musikalarekin. Nola eragin du zuen aurretiazko ibilbideak Bananasengan?

Xumetasuna izan da gure lehengaia, eta bueltan ezer espero gabe aritu gara beti. Honek ematen dizu kea non dagoen ikusteko gaitasun bat, eta handiago izate horren amets berezirik ez edukitzearen naturaltasun hori. Profesionaltasun eta artistaren gorazarre honek berandu harrapatu gaitu, eta hori ere abantaila da.

Zerekin egingo du topo inoiz Bananas entzun ez duenak?

Berehalakotasunarekin. Ahots urratu bat sekula entzun ez duenari, akaso, bortitza egingo zaio, baina esango nuke, estilo honen bueltan gurea nahiko entzungarri eta melodikoa dela, gisa bereko beste askoren iluntasunarekin alderatuta. Auhen moduan kantatutako hitz hausnarkorrak aurkituko ditu entzuleak, gitarra eta erritmo biziak. Bizitza deritzon amildegi eder bezain latz honetan gure kantua lagungarri bazaio edonori, pozgarria litzake.

Zazpi kantu, zazpi auhen ondu dituzue. Kexatzearen garrantzia ere aldarrikatu beharra dago ‘konformatzera’ edo daukaguna ‘eskertzera’ bideratutako gizartean?

Hausnarketa eta honen aplikazio praktikoan sinisten dut nik kexan baino gehiago. Azken aldian asko entzun dudan biluztearen gorazarre horretan ere ez dut sinisten, kantuetan esaten direnak, bizitzan lantzen ez badira, ez dutelako zen-tzurik. Sentitzen dudana idazten dut, besterik ez. Kexatzen denak zer egiten du hori aldatzeko? Eta konformatzen denak? Zilborrak akabatu gaitu, bakoitzak berea modu inskoszientean lehenesten du. Aldareak ere oso modu amerikarrean integratu ditugu, goran dagoenari so, zerbait edo norbait miresteko beharra daukagu, eta ahazten zaigu, egiteko modu asko daudela, gezurteko bezainbeste.

Kantuen mezua indartsua da, auhen ozena bailitzan. ‘Hiriak ez du barkatuko’ kantuan, esaterako, “noiztik dute jantzi bera aberri zein deserririk latzenak” diozue. Hiritar bihurtu gara gure herrian, artalde masa baten zenbaki huts?

Eredu amerikarra urruneko zerbait zen garai batean, baina gaur egun gugan bizi da. Identitatea beti iruditu zait kontzeptu sakon bezain nahasi bat, baina sinisten dut gauzak egiteko modu batean, zeinari lurradetasun batek eragiten dion. Aspalditik nabari dut, egin baino, IZAN nahi duen gehiengo bat. Musikaren alorrean, talde hasi berrien perfekziorako joera, lehen kantua atera baino lehenago argazki sesio bat eta booking agen-tzia batekin akordioa duten proiektuak, gezurrezko sold-out kultura berri honen atzean ezkutuan geratzen diren sortzaile fin askoren zokoratzea, 5 urteko ume bati euskal taldeez galdetu eta beti 4 izen berak aipatzea… Dena irudi-tzen zait eredu amerikarraren indarrezko aplikazio horren ondorio. Euskal alfombra gorria ere sortu dugu, musikagintzan ari garen askoren zenbakiak bezain gorria dena, baina, Odei Barrosok esan bezala: “Lurrean ez da izarrik”.