Lapurdiko kostaldean dagoen jauregi abandonatu baten istorioa kontatzen du Eneko Bidegainek ondutako Bitcha éder eleberriak. Eñaut Oihenart kazetariak, promotoreak eta tokiko agintariak jauregi horrekin lotzen dituen negozio ilun bat argitaratzeko abiatzen duen ikerketa da lanaren oinarria.

Idazle baionarraren lan horrek irabazi du, hain zuzen, 111 Akademiaren Saria. Fikzio sinesgarria eraiki du idazleak, eta “interesgarria bezain gaurkotasunezkoa” izatea saritu dute akademiakoek.

111 Akadamiaren saria jaso duzu ‘Bitcha éder’ liburuagatik. Zer suposatzen du horrelako aitortza batek?

Egindako lanaren aitortza da, eta saria izateak poza ematen du. Eta ematen du gogobetetzea lana irakurleei gustatu zaielako. Liburuarekin nenbilenean, ez nekien argitara-tzeko modukoa zen edo ez. Abiapuntu horretatik, saria izatera iristea bada pozteko arrazoia. Finalista izateak ere oihartzuna ematen dio lanari, horren mesedetan; ze, azken finean, idazlearen helburua -eta argitaletxearena ere bai- liburua zabaltzea da, eta sari batek oihartzuna ematen dio. 

Bertigoa ere ematen du?

Orain arteko liburuak nahiko xume eta oihartzun mediatiko txikikoak izan dira. Beti saiatu naiz ahal bezain txukunen egiten, gustura gelditzen, eta irakurlearen gustukoa izaten, betiere, nire askatasunetik. Baina, hurrengoetarako, imajinatzen dut langa bat badagoela Bitcha éderekin, eta horri eusten saiatuko naiz. Irakurleen espektatibak altuagoak izango dira, eta horrek eskatzen du erantzukizuna. 

Bihurgune askotako istorioa eta gaurkotasunezkoa dela azpimarratu dute epaimahaikideek. 

Fikziozko lan gehienak gure munduan oinarritzen dira. Eta esango nuke, zientzia fikzioak ere hala egiten duela; zientzia fikzioa da egungo gizartearen estrapolazio bat. Hala, fikziozko lan bat egiteko, istorioak asmatua baina errealista izan behar du. Nirea gaur egun eta gaur egungo Euskal Herrian koka-tzen da. Beraz, zergatik da fikzioa eta ez errealitatea? Errealitatearen antza izan behar duelako, baina nire helburua ez delako izan benetako istorioa kontatzea; hala ere, benetan gertatzen diren gauzetan du oinarria. Mundu bat eraiki dut. 

Zure kezketan oinarritutako mundua?

Kezka eta gogoetagai asko daude, baina denetik dago. Istorio bati benetakoaren kutsua eman nahi bazaio, eta pertsonaiak sortu behar baldin badira, pertsonaiei bizia eman behar zaie. Eta horiek pentsatzen dute, sentitzen dute, gorrotatzen dute. Elkarren arteko harremanak sortu eta landu ditut, izan politikoak, izan bestelakoak. Beraz, islatzen dira nire intereseko gaiak: kazetaritza, Euskal Herriaren egoera edo harremanei buruzko ikuspegia, besteak beste. Ze, horretarako da literatura: idazle batek izan dezan, modu libre batean, mundu bat eraikitzeko aukera. Idazleak eraiki du mundu hori, beraz, bere filtrotik eraiki da. 

Sentimendu, kezka, uste eta horiek guztiak pertsonaien bidez jorratu dituzu, eta asko ageri dira liburuan. Zer eskaintzen dio horrek tramari? 

Istorioak eskatzen zuen pertsonaia kopuru handi bat, eta era askotakoak daude. Gusta-tzen zait pertsonaietan pertsonen aniztasuna ikusaraztea, ez garela artalde bat erakustea, begirada propioa jasotzea. Adibidez, ezker ideologiako talde batean irudikatu ditut militanteak, norabidea fidelki errespetatzen dutenak, horrekin kritiko direnak, kritikoak ulertzen dituztenak, onartzen ez dituztenak... Deskribatu nahi izan dut egon daitezkeela ikusteko eta egiteko modu asko. Garrantzi-tsua da kategorizazio sinpleetan ez erortzea. Eta nik uste dut literaturak ematen duela horretarako aukera. 

Hartu duzun beste erabakietako bat izan da liburua euskara batuan lantzearena, baina iparraldeko lexikoari muzin egin barik. 

Niretzat argi dago: euskaldun guztientzat idazten dut, ez bakarrik Ipar Euskal Herrikoentzat. Lexikoan eta esaeretan ageri diren hitzak ere euskara batuan onartutakoak dira, pare bat salbu. 

Izenburua frantses grafiaz jartzearen erabakia ere hausnartutakoa izan da?

Iparraldean, azkenaldian, askotan euskarazko izenak ematen zaizkie liburuan ageri diren bezalako proiektuei, frantses grafiaz idatzita. Beraz, izenburuan badago salaketa moduko bat, baina sinesgarritasuna ere bila-tzen du. Salaketa dago, euskaraz hitz egiten eta irakurtzen ez dakitenengan pentsatuta egiten dutelako hori, frantsesek irakurtzeko. Horrela idaztearen erabakia da frantsesek ez dutelako inoiz onartu euskara izan daitekeela idatzizko hizkuntza, literaturako hizkun-tza, akademiako hizkuntza, prentsako hizkuntza. Asko pentsatu behar izan nuen liburuari izenburu hori jartzeko, zalantzak izan nituen. 

Liburuan aipatzen den itxurakeriari ere erreferentzia egiten dio izenburuak. 

Bitcha éder izenak islatzen du, baita ere, tematika nahiko errepikatu bat: denok erakusten dugula itxura eder bat kanpora begira, baina barnean baditugula bestelako min batzuk edo pertsonalitate bat. Hori pertsonaia gehienetan adierazi nahi izan dut. Hori ere bada Bitcha éder. Eta hori ere ongi isla-tzen du izenburuak. 

Eta orain zer?

Banabil literatura lana izango ez den eta aspaldi hasi nintzen biografia amaitzen. Biografiak ematen du aukera testua apur bat literarioago egiteko, baina ez da fikzioa eta ez da literarioa izango. Gero, bizpahiru urtera begirarako proiektu bat ere badaukat, eta ikusiko dugu.